Igandeko karroza desfilearekin borobildu dituzte Sunbillako inauteriak

Maider Petrirena 2017ko urt. 31a, 10:50

Urtero bezala, karroza ikusgarriak plazaratu dituzte Sunbillan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Ortzirale eta larunbatean, gazteak auzoz auzo eskean, emakumeen afaria eta bertze hainbat ospakizun izan dituzte

Sunbillako inauteriak giro bikainean joan dira. Asteburu paregabea izan da herritar nola hurbildu diren guztientzat. Igandeko karroza desfilea izaten da kanpotarrentzat ezagunena, baina ortziraletik hainbat eta hainbat ekitaldi egin dituzte.

 

Ortziraleko goizeko 9etan eman zioten hasiera inauteriei herriko gazteek Ariztigain kanpinean egin zuten gosari ederrarekin. Ondoren bi taldetan banatu eta baserrietara eskean ibiltzera joan ziren, Joxe Angel eta Modesto akordeoilariekin. Ortzirale arratsaldean eskolako irakasle eta ikasleek danborrada soinuaz gozatzeko aukera eman zutenberaiek prestatutako hainbat kantekin. Lehenik frontoian eskaini zuten emanaldi ttiki bat eta ondoren herriari buelta ematera atera ziren. Hagitz polita izan zen dena. Arratsalde partean musika izan zen frontoain Agerralde akordeoilariarekin eta gauean berriz emakumeen txanda izan zen. Aurtengoa 23. edizioa zen emakumearen afaria ospatzen zela. Bertan 90 emakume inguru elkartu ziren afari eta giro ederraz gozatzeko. Ondoren Pali Dj-aren giro apartarekin gozatu zuten.

Larunbatean ere gazteak herrian eskean ibiltzen dira. Arratsalde partean haurrendako besta izan zen Ulibeltzak Elkartean.

 

Karroza desfile ikusgarria

Igandea, egun haundia, paregabea, koloretsua, jendetsua izan zen. Karrozen desfilea izaten da herrian eta urtetik urtera ikusten da lan gehiago eta jende gehiagok parte hartzen duela. Lehen hiru karrozak betikoa eskaitzen diete ikusleei: salda (500 litro inguru), tortilla (1400-1500 arraultza), gaztainak, ardoa eta taloak gaztarekin. Hauen ondoren  Trollseko karroza koloretsu eta ederra, Kolonbiako kafe biltzaileak Juan Valdes Kontxita astoarekin (erran beharra da ikusgarria izan zela astoak eragin zuen ikusmira. Denek disekatua zegoela uste zuten baina ez zen horrela izan, Kristina Elizondok eskuz egindakoa bere detaile guztiarekin), mexikarrak ere Sunbillara hurbildu ziren beraien kantu eta dantzekin. Txamukos taldeko Beñat Mitxelena teklatuan eta Fernando Otano abeslariak parte hartu zuten eta beraien abestiak zuzenean eskaini ere. Hauen segidan gimnasio bat grasak kentzeko, ijitoen lehengo karreta bat, Munitxeko Oktoberfest, National hippodrome sunbilla (hauek zaldien karrerak egiten zituzten), animalien granja, Celia Cruz bere taldearekin kantuan eta dantzan, hau da hau iraultza eta desfileko akitzeko behin batean.... sorgindutako basoa (Koloretsua, koreografiarekin, lan ederra). 

Desfilea akitu eta urtero bezala zerria eta bildotsaren zozketa egin zen. Guztira 7.000 boleto inguru saldu ziren. Bi sariak herrian gelditu ziren. Zerria Santos eta Jose Luis Iriarte Ibarrari tokatu zitzaien eta bildotsa berriz salda egiten duten taldeari. 

Erlazionatuak

Sunbillako inauteriak 2017

Ttipi-Ttapa 2017 urt 31 Malerreka   Sunbilla

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun