Joare soinuak somatzen hasiak dira Aurtitz, Ituren eta Zubietan

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 27a, 08:30
Joaldunak harat-honatean ibiliko dira egunotan, hartza eta mozorroak bezalaxe.

Egunotako puska biltzeen ondotik, astelehenean Iturenen bilduko dira joaldunak eta mozorroak eta asteartean Zubietan egunik jendetsuenetan

Inauteriak gain-gainean ditugu eta Ituren, Aurtitz eta Zubietan joare soinuak somatzen hasiak dira. Ortzegunean puskak bildu dituzte etxez-etxe Ituren eta Aurtitzen, baina Zubietan, igandean aterako dira lehen aldiz puxkak biltzera. Hala ere, astelehena eta asteartea izaten dira egun haundiak, eskean ez ezik joareak eta mozorroak ere desfilean ibiltzen direnak. 

 

Ilbeltzak 30, astelehena

Goizean Zubietako joaldunek, mozorro eta karrozek lagunduta, bisita eginen diete aurtiztarrei. Herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joa­nen dira. Lasagako Zarandia parean, Iturengo joaldunekin elkartu eta herrian barna buelta emanen dute. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, Iturengo plazan karroza mozorroek beren ikuskizuna eginen dute.

 

Ilbeltzak 31, asteartea

Goizean Ituren eta Aurtizko joaldunek bisita bueltatuko diete zubietarrei.

 

Otsailak 1, asteazkena

Zubietan egun hau izaten da inauterietako azken eguna. Eguerdian bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. ­Ondotik joa­reak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrek bazkaldu eta arra­tsaldean etxez etxe ibil­iko dira joa­re eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dira elkarteetan.

 

Otsailak 4 eta 5, larunbata/igandea

Kontuen eguna larunbatean egin ohi da Iturenen, eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izanen dute Herriko Etxe­ko ganbaran. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzarien saioa eta bertsolariak eta aizkora apustua izanen dira. Bazkaldu ondotik dan­tzaldia eta kontuen afaria. Aurtizen xaharren afaria eginen dute igandean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun