Eguna ongi hasteko «goizetako gosaria beharrezkoa da. Hagitz giro ona izaten da eta jende aunitz izaten da». Gosariaren ondotik, joaldunak puskak biltzera ateratzen direnean hasten da Josetxo akordeoia astintzen «kanpotik etorritako soinujole bat ere izaten da nirekin batera, gehienetan Joxe Angel». Otordu guztien aitzinetik eta gibeletik ere soinua jotzen aritzen dira ordu txikiak arte «Aurtizen nahiko zintzo erretiratzen da jendea, aunitzek hurrengo egunean joareak jo behar dituztelako».
Inauteritako egun berezienak «astelehena eta asteartea» izaten direla dio. Azaldu digunez «gosaldu, joareak paratu eta puskak biltzen ditugu herriari buelta emanez eta horren ondotik itzulia egiten dugu Iturenera eta Zubietara». Joaldunen ondotik joan ohi dira akordeoilariak «kalejira jotzen dugu bidean» eta plazako ekitaldiaren ondotik joaldunak saldak hartzera joaten direnean plazan giroa jartzea izaten da beraien ardura «jota batzuk eta zortziko batzuk jotzen ditugu». Zortzikoa «nahitaez jo beharreko pieza» dela dio «Zortzikoa da gauza bat nola Ituren, nola Zubieta eta nola Aurtitzen dantzatzen dena».
Akordeoia prest du eta bere etxe ingurutik igarotzen denak dagoeneko entzun ahalko ditu inauterietako doinuak. Luzaroan iraunen duten doinuak, ez baitu zalantzarik «inauteria mantendu da, mantentzen da eta nik uste mantenduko dela. Oso gurea den zerbait baita, ttiki ttikitatik hartzen den ohitura».