Larunbateko finala bikaina izan zen eta Urrizak barnean daukan guztia atera behar izan zuen Endika menpean hartzeko. Saldiaskoari suerteak ere bizkarra eman zion zenbait tantutan, gainerakoan txapela ere eramateko aukerak izan baitzituen. Seinako berdinketaren ondotik, aitzinetik jarri zen Endika (8-12, 9-13). Dena den Urrizak hamahiruna berdindu eta partida orekatua joan zen, 21na bitarte. Urrizak 26-22an aldea hartu zuen eta alde horri eustea lortu zuen. Alderik handiena azken tantuan lortu zuen, 30-24.
Halere, aipatzekoa da Endikak 19 tanto egin zituela piloteoan eta 2 sakez. Zazpi pilota galdu zituen. Txapeldunak, berriz, 17 tanto egin zituen piloteoan, sei sakearekin eta hiru pilota galdu zituen.
Master txapelketako finalerdietan, Urrizak 30-22 irabazi zion Utergari eta Endikak 30-19 Ion-i.