Azaroaren 18an ospatuko dituzte udazkeneko feriak Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko aza. 17a, 11:49

Goizean azienda ederrak ikusteko aukera izanen da Merkatuko Plazan.

Ortzirale goizean aziendak, arratsaldean herri kirolak eta egun osoz, ­ehunka postu egonen dira bisitarien esperoan

San Martin ondoko ortziralean, aurten azaroaren 18an, bisitariz beteko dira Doneztebeko karrikak, feria eguna izanen baitute. Aziendak maite dituenak, goizean goizetik, Merkatu Plazaren bueltan herriko­ eta inguruko aziendak ikusi eta tratuan­ aritzeko aukera izanen du. Bertzerik nahiago­ duenak artisauen lanei, jakiei, jantziei, apaingarriei edota lanabesei­ begia botaz gozatzeko aukera izanen du, eta gustatuz gero, zer erosia izanen du. Arratsaldean, berriz, Nafarroako lehen  Mailako aizkora eta bigarren mailako arpana txapelketak jokatuko dira.

Egun berezia izaten da feria eguna donez­tebar nahiz kanpotik etortzen diren bisitarientzat. Goizean goizetik nabari­tzen da mugimendua, bai 09:00etarako ka­rriketan paratuak izaten dituzten 150  bat posturen bueltan, edo baita goizez Merkatu Plazan egoten diren ganaduen inguruan ere. Tragoxka bat hartu edo ongi jan nahi duenak ere aukera zabala du ostatuetan eta jatetxeetan... Eta herri-kirol saio ederrarekin gozatzeko modua ere badu nahi duenak. Ez da deusen faltarik izaten Doneztebeko ferietan. Aipatzekoa da, bertzalde, Doneztebeko Udalarentzat diru-iturri ere badirela feriak. Udalak 5.000 eurotik goiti biltzen ditu egun honetan.

 

Herri kirol txapelketak

Feria eguneko arratsalderako herri-kirol saio ederra prestatu du aur­ten ere Nafarroako Herri Kirol Federa­zioak. Naf­arroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute bortz aizkolarik: Iker Vicente (Otsa­gabia), Jon Rekondo (Leitza), Juanjo Lopez (Lezaun), Ruben Saralegi (Leitza) eta Do­nato Larretxea (Arantza) ariko dira lanean eta egin beha­rreko lana hau izanen da: lau ka­naerdiko, bertze lau 60 ontzako eta bi oinbiko­ moztu beharko dituzte.

Ez da eguneko lehia bakarra izanen, egun berean, Nafarroako II. Mailako Arpana Txapelketa ere jokatuko dutelako. Alde batetik, etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkiote eta bertzetik, zutik jarritako 45 ontzako enborrari lau epai. Bi bikotek parte hartuko dute arpanean: Gerendiaingo Esteban eta Martin Pikabeak eta Berriozarko Raul Maiza eta Jose Luis Canok.

Herri-kirol saioa Ezkurra frontoian eginen dute, 18:00etan hasita. Sarrera 15 euro kobratuko dute.

 

Pantxoaren kontzertua zineman

Ohiko egitarauaz gain, aurtengo feriek berrikuntza bat ere izanen dute. Pantxoa Karrerek kontzertua eskainiko baitu 20:00etan Zineman. Peio Ospitalekin batera, hain ezagun egin den Pantxoa eta Peio musika taldeko kidea da. 1970. hamarkadan hasi ziren elkarrekin kantatzen, baina gaur egun, Peio eta Pantxoa bikote klasikoa desagertu zenetik, Pantxoak bere gisara segitu du herriz-herri kantari. Gainera, bere bakarkako lehenbiziko diskoa ere argitaratu berria du: Anaitasunean izenekoa, Elkar argitaletxearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!