Gaztelaniazko literatura sarian, Gabriela Ybarra (El comensal, Caballo de Troya) saritu dute; eta euskarazko literatura itzulpenaren sailean, Xabier Olarra (Ulises, Igela). Bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago, lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada (itzulpenaren kasuan izan ezik, noski).
Luis Gardek (Iruñea, 1961) Ezkaba mendiko San Kristobal kartzelan 1938an izandako ihesaren inguruko narrazioa egin du Ehiztariaren isilaldia lanean. Jon Kortazar buru izan duen epaimahaiaren iritziz, «liburu aberatsa da, sakona eta gogorra, irakurlearen kontzientzia astintzen duen urruneko sarraski lazgarriaren memoria etiko hurbila».
Iruñean jaio arren, aspaldian Donezteben bizi da Luis Garde eta Ttipi-Ttapako iritzi saileko kolaboratzaile ere bada.