Giro ederrean joan da Zubietako Euskararen Eguna

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 10a, 11:07

Adin guztietako joaldunak ibili ziren larunbat goizean Zubietan, etorkizuna segurtatua dagoela erakutsiz. Argazkia: Izaskun Zubialde

Kattalin Paulek irabazi zuen pintxo lehiaketa eta Andrew Smithek argazki lehiaketa 

Beste urte batez, Zubietako gazteek antolatutako Euskararen Eguna giro ederrean joan da. Urriaren 8a, larunbata izan zen egun handia, baina bezperatik ere, ostiral ilunabarretik hasita egin ziren ekitaldiak.

 

Ostiralean, pintxo lehiaketa zela eta, jende asko bertaratu zen, baina lehenik, karaokea prestatzen ari zen taldeak oholtza gainean frogatxo bat egin nahi izan zuen eta ikusmin handia sortu zuten. 

Trikitixa soinuak lagunduz, Herriko ostatuan aurkeztutako printxoen erdiak dastatzeko aukera izan zen, ondoren Errandonea ostatuan beste erdiak dastatzeko. Pintxo lehiaketako irabazlea Kattalin Paul Juanikorena izan zen, onddoz eta piper berdez beteriko hojaldre goxo batekin.

Argazki lehiaketara aurkezturiko argazkiak ere bi ostatutan egon ziren ikusgai, eta bi egunez, hau da, ostiral eta larunbatean, bozka emateko aukera izan zen. Irabazlea Andrew Smith izan zen, Zubieta lainopean agertzen zuen argazki batekin.

Gauez, mus txapelketarekin batera, Azken Trena kontzertuarekin batera gauak aurrera egin zuen.

 

Larunbatean hainbat ekitaldi

Biharamunean, goizean goiz, artisauek beraien postuak martxan jartzen hasi ziren, eta herriko trikitilariekin batera, jendea animatzen hasi zen.

Artisauen lan dezente ikusteko parada izan zen, egur lanak, ogia, piperopilak, taloak, jertseak, argazkiak, baserriko barazkiak... eta nola ez, urtero gazteek jartzen duten postua ere hantxe zegoen. Bertan apustu egiteko aukera zegoen, magra, gazta eta tomateen pisua asmatzeko. Goiz guztian zehar ibili zen jendea pisaketa egiten eta azkean, arratsaldez, gehien hurbildu zirenen izenak, hau da, irabazleak nor izan ziren esan zuten. Magra, Ainhoa Elizalderi egokitu zitzaion, gazta berriz, Eva Elizalderi eta tomateak Aurtizko Marixux-i.

Urtero jartzen den beste postu bat, Txitxilu elkartekoa izaten da. Aurtengoan ere postre goxoak jarri ziren salgai, baita 2017rako egutegi berezia ere. Bertan bizi diren eta 14 urtetik beherakoen argazkien egutegia. Salmenta onak izan ziren elkartearentzako dirua biltzeko asmoz ateratzen den postu honetan.

11.30 aldera joaldunek hartu zuten erreleboa. Joaldun asko elkartu ziren, eta txikienek etorkizuna seguru dagoela erakutsi zuten.

Eguerdi aldera, Muxikoak dantzatu ziren plazan eta ondoren bazkaria izan zen, giro ederra jarriz Alaia Martin eta Miren Alustiza bertsolariek.

Arratsaldez, txokolate goxoa bizkotxoekin eta ondotik txikien txanda izan zen karaokearekin. Oso ikuskitzun polita prestatu zuten, eta txalo zaparrada ederra jaso zuten beraien ekitaldiaren ondotik.

Iluntzean Oharkabe taldearen eskutik dantzaldia izan zen eta gazteen xingar pintxoen ondoren, La Jodedera taldearen emanaldia entzun eta dantzatu ahal izan zen. Kasualitatez, talde honen abesti bat kantatu eta dantzatu zuen karaokean talde batek, eta partaide batzuk, beraiekin kantatu eta dantzatzeko ohorea izan zuten zuzenean oholtza gainean.

Hauen ondoren, Niarawa batukadak ere ikusmira sortu zuen eta goizeko ordu txikiak arte Oharkabe aritu zen jo eta ke jendea dantzan jartzen.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun