Giro ederrean joan da aurtengoan ere Errekaren Eguna

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko eka. 6a, 10:40
Senior eta beteranoen arteko partidak ikusmina piztu du. Joseba Legarra jokalari eta presidentea omendu zuten jokalariek.

Joseba Legarrak, Niko Mindegiak eta Javier Blasek ongi merezitako omenaldiak jaso zituzten

Giro ederrean joan zen ekainaren 4an Errekaren Eguna. Kirola oinarri hartuta, hainbat ekitaldi izan ziren eta aipatzekoak izan ziren Joseba Legarrak, Niko Mindegiak eta Errekaren sortzaile izan zen Javier Blasek jasotako omenaldiak.

 

Errekaren Eguneko ospakizunak bezperan, ortziralean hasi ziren. Samba San Miguelek ikusentzuneko polita eskaini zuen zineman eta Santa Luzia plazako mus txapelketan 45 bikotek hartu zuten parte. Joseba Juanenak eta Mitxelek lortu zuten 300 euroko saria, finalean Patxku Apeztegia eta Jesus Mitxelenari irabazita.

Baina ekitaldirik gehienak larunbatean izan ziren, gehienak kirolarekin eta, batez ere, eskubaloiarekin lotuak. Goizean harrobiko jokalari ttikienen txanda izan zen, baita judo eskolakoena ere. Emakume senior eta  mutiko kadeteen arteko partida aski berdindua izan zen eta azkenean emakumeak gol bakarrarengatik nagusitu ziren. Gainera, entrenatzaile izan dituzten Javi del Villar eta Juan Mari Artazkoz-i ere oparitxoa egin zieten neskek eta kadeteek ere proiekzioa eta bertsoak eskaini zizkieten entrenatzaileei. Segidan, beteranoak eta seniorrak aritu ziren, Niko Mindegia izar zutela. Bertze kanpoko izarrik ez da izan aurtengian, egutegiak hala aginduta, baina etxekoek ere partida bikaina jokatu zuten. Partidaren atsedenaldian Erreka dantza taldekoek emanaldia eskaini zuten eta Joseba Legarra Errekako jokalari eta presidenteari ere omenaldia eskaini zioten jokalariek.

Arratsaldeko ekitaldiak ederki joan baziren, zer erran Santa Luzia Plazako afariaz. 180 lagun bildu ziren karpa azpian afaltzera. Errekaren izena Europa eta munduan zehar zabaldu duen Niko Mindegia omendu zuten lehenik eta honek esker oneko hitzak bueltatu zituen. Azkenik, Javier Blas zenari ere omenaldia eskaini zioten. 1976an Erreka elkartearen sortzaileetako bat izan zen Javier Blas eta bera gogoratu zuten Errekako bazkideek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun