Erreka elkartearen Eguna larunbatean ospatuko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko eka. 1a, 09:18
Ohikoa denez, Santa Luzia plazako afariarekin borobilduko dute Errekaren Eguna.

Ortziralean ere, Samba San Miguelen proiekzioa eta mus txapelketa izanen dituzte

40. urteurrena ospatzeko ohiko hitzordu polita prestatu dute Erreka kirol elkartekoek asteburu honetarako. Egun handia ekainaren 4an, larunbata izanen da, baina ortziraletik hasiko dira ekitaldiak.

 

Besta ekainaren 3an, ortziralean 20:00etan, Sanba San Miguelek zineman eskainiko duen El Valle de Khumbu izeneko mendi proiekzioarekin hasiko da. Gaueko 10etan Santa Luzia plazan mus txapelketa jokatuko da. Aurtengo sariak potoloak dira: 300 euro lehendabiziko bikotearen­tzat eta 200 euro bigarren bikotearentzat.

Larunbaterako au­rreikusitako programa anitza eta zabala da. 09:30ean hasita, eskubaloi partidak izanen dira: alebinak, infantil neska eta kadeteak nahasiak, prealebinak. 12:00etan Errekako judo eskolako erakustaldia. Goizean zehar Josetxo Ezkurra memorialaren partidak jokatuko dira. 16:00etan, neska seniorrak mutiko kadeteen kontra ariko dira eskubaloian. 17:15ean hiru taldeen partida jokatuko da: Errekako jokalariak, beteranoak eta izarrak nahasita. Partidaren atsedenaldian Erreka dantza taldeak bere emanalditxoa eskainiko du eta ondoren zozketak. 21:00etan, Santa Luzia Plazan afari goxoa dastatzeko aukera izanen dute ekainaren 1a bitarte Titi ostatuan txartela erosten dutenek. Javier Blas zenari omenaldi xume bezain merezia egiteko probestuko dute. Beti bezala, postreak alaitzeko, sorpresaren bat izanen da eta eguna borobiltzeko Oharkabe taldearen dantzaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun