Ehunka lagunek parte hartu dute Malerrekako Egunaren bosgarren edizioan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 30a, 11:46
Iturengo adinekoak omendu zituzten Malerrekako Egunaren baitan.

Larunbatean Iturenen omenaldia eskaini zitzaien 85 urtetik goitiko herritarrei eta Urrozek hartu du heldu den urterako lekukoa

Malerrekako Mankomunitatean dauden hamahiru udalerrietako herritarrak, eguraldi euritsuari aurre egin eta Iturenen bildu ziren larunbatean, bosgarren aldiz egin den Malerrekako Egunaren baitan. Lehen lau edizioetan Zubietan, Eratsunen, Donezteben eta Elgorriagan izandako arrakasta errepikatuz, ehundaka lagun bildu ziren egun osoan egin ziren ekitaldietan parte hartzeko. Heldu den urteko lekukoa Urrozek hartu du.

 

Goizean, Iturengo Udalak omenaldi hunkigarria eskaini zien 85 urtetik goitiko herritarrei eta joaldun xaharrei. Honela, Aritz Fagoagak eta Enara Ariztegik aurreskua dantzatu zieten eta zapiak jarri zizkieten Segundo Elizalde, Simon Aioroa, Juan Jose Sansiñena, Hilari Mutuberria, Margarita Legazkue, Meliton Legazkue eta Felixi Iparragirreri. Migeltxo Makutso eta Maika Arizegiren zapiak bere familiakoek jaso zuten eta Juanito Elizaldek eta Joxe Altxuk ezin izan zuten parte hartu. Segidan, Iturengo Pulunpa eskolako ikasleek Iturengo arotza kantatu zuten eta segidan, Mendi Abesbatzakoen txanda izan zen. Ituren, Doneztebe eta Sunbillako dantzariek ere emanaldia eskaini zuten. Eskulangileak, taloak, joaldunak… denetatik izan zen egunean zehar. Beintza-Labaiengo herritar batzuk ofita harrobiaren kontrako sinadurak bildu zituzten.

Herri bazkaria paella erraldoi batekin hornitu zuten eta bazkalondoan, dantzak, haur jokoak, txokolatada, aizkora apustua, Trikidantz taldearekin dantzaldia eta bertze hainbat ekitaldi egin ziren, euriari aurre eginez. Sariak ere zozketatu ziren. Bertako produktuekin osatutako bi saski zozketatu ziren eta 835 eta 1.161 zenbakiak dira saridunak. Iturengo Herriko Ostatuko otordua 1.534 zenbakiari egokitu zaio. Hain zuzen, azken honen jabea bakarrik agertu da oraingoz, Iturengo Maider Goñi.

 

Malerrekako leihotik begira eta mus txapelketa

Malerrekako leihotik begira lehiaketaren sari banaketa ere egin zen. Malerrekako eskoletako neska-mutikoek hartu dute parte eta arrakasta handia izan du, 277 lan aurkeztu baitira.

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. Mailako ikasleek irudi batez eta testu labur batez osatutako konposizioa egin behar zuten. Doneztebeko San Miguel eskolara joan ziren bi lehenbiziko sariak, Naroa Zozaiarentzat lehenbizikoa eta Mikel Valverderentzat bigarrena.

Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. mailan komiki lehiaketa egin zuten eta lehenbiziko saria Sunbillako eskolako Uxue Armendarizek eskuratu zuen eta bigarrena Iturengo Pulunpa eskolako Ander Telletxeak.

LHko 5 eta 6. maila, DBHko 1. eta 2. maila eta DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek, azkenik, bertsopaper lehiaketa izan zuten. Sariei dagokienez, LHko 5. Eta 6. Mailan, lehen saria Doneztebeko San Miguel eskolako Egoitz Buenok eskuratu du eta bigarrena Iturengo Pulunpa eskolako Xabier Mariezkurrenak; DBHn sari guztiak Doneztebeko Mendaur Institutuko ikasleentzat izan dira: 1. eta 2. mailan, lehen saria Goretti Lanak eskuratu du eta bigarrena Oihan Martinezek eta 3. eta 4. mailan, lehen saria Zaira Gaztelumendik eta bigarrena Gaizka Agirrek. 

Malerrekako Mus Txapelketaren finala ere jokatu zen. Zubietako Txomin Hualde eta Joxe Mari Etxekolonea suertatu ziren txapeldun, finalean Eratsungo Patxiku Retegi eta Mikel Deskargari irabazita.

Mus txapelketako sariak banatu ondotik, hurrengo urteko Malerrekako Eguna antolatzeko lekukoa pasatu zioten Iturengo udal ordezkariek Urrozkoei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun