Pagoetako harrobiko proiektuak kezka piztu du Beintza-Labaien eta Saldiasen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 26a, 08:53
Pagoateako mendia (pinadiak), Labaiendik 1.200 metrora kokatua; Saldiasetik 600 metro.

Beintza-Labaiengo herri batzarrak kontrako jarrera azaldu du, baina Udalak ez du oraindik berea argitu 

Garai batean Basaburua Ttikiko herrien elkargunea ziren Pagoetako zelaiak inguruko herritarren kezka eta haserre gunea bihurtu dira orain: berriki, ofita ateratzeko harrobi proiektua aurkeztu du herritar batek Nafarroako Gobernuan.

 

Herritarren kezka nagusia osasunerako kaltegarria litzatekeela da. Hautsak pertsonen osasunerako ondorio kaltegarriak ditu, birikietan eragin zuzenak (silikosia) eta zeharkako bertze eraginak. Harrobiak 180.000 metro koadroko superfiziea hartuko luke. Mendi kaskoa izanik, haize korronte nagusiek ofita hautsa zabalduko lukete inguruko lur eremuetan eta herrietan. Saldias 600 metrora eta Labaien 1.200 metrora kokaturik daude. Honez gain, proiektuak lehergailuak erabiltzea aurrikusten du, pertsonengan urduritasuna sortuz. Karrika estuetan kamioien trafikoak ere urduritasuna sortzen du. Herritarrei dagokionez «landa eremuko entitate txikiak eta balio handirik gabekoak» eta «500 baino gutxiago» direla erraten du proiektuak.

Kamioien trafiko ikaragarria ere gogoratzen dute proiektuaren aurka dauden herritarrek. 1.500.000 m3 (1. aukera) eta 2.750.000 m3 (2. aukera) arteko harri bolumena ateratzea aurrikusten da 30 urtetan. Egunero 40 eta 75 kamioien joan-etorria suposatuko luke, arzenik gabeko, estu eta saihesbiderik ez duen NA-4040 errepidean (harrobiko sarrera errepide honetako 12,950 kilometroan kokatuko litzateke); errepide hau ez dago prestatua honelako trafikoa jasotzeko eta desgaste izugarria izanen luke. Labaien, Beintza, Donamariko Bentak eta Doneztebe (Ameztia karrika) herriguneak zeharkatuko lituzkete, bertako eguneroko trafikoan arriskua handituz eta errepideen ondoko etxe eta eraikuntzetan kalte handia eraginez (arraildurak). NA-4114 errepidean barna eginez gero, Saldias eta Orokietako herri guneak zeharkatuko lituzke.

Nekazaritzan eta abelzaintzan eragina, iturrietan kaltea, Euroveloan eragina eta planifikazio eza eta landa eremuko jarduerekin kontrajarria dagoela ere aipatzen dituzte bizilagunek proiektuaren kontra azaltzeko.

Kalitate paisajistikoaren galera ere ez da gutxiestekoa. Pagoetako mendi kaskoak 710 metroko altuera du, eta harrobiko plataforma 625 metrotan kokatuko zen. Hipotesiarik txikienean ia 100 metroko desnibela hartuko luke; bigarren hipotesian, mendia oso osorik desagertuko litzateke. Mendi kaskoa bada ere, harrobia «puntu sozialetatik bisibilidade gutxiko eremuan dagoela» erraten du proiektuak. Natur baliabideei dagokionez, lekua «natur balio handiko eremuek inguratuta» dagoela aitortzen du, eraginak kontutan hartu gabe. 

 

Orain arteko bilakaera

Nafarroako Gobernuak eskatuta, herriaren iritzia ezagutu nahian Herri Batzarra deitu zuen Beintza-Labaiengo Udalak apirilaren 30ean: bertan bildu ziren 50 herritarren gehiengo handia harrobiaren kontra azaldu zen. Batzarrean promotoreak herriaren oniritzirik gabe ez zuela aurrera eginen erran bazuen ere, hori ez da honela gauzatu eta proiektuaren tramitea aurrera egiten du Nafarroako Gobernuan.  

Gauzak honela, maiatzaren 9an hainbat herritarrek deituta eskualdeko informazio bilera egin zen herrian eta bertan 70 lagunetik goiti agertu zen, gehienak Saldias eta Beintza-Labaiengoak. Bertan prozesuaren berri eman eta Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak izan ziren, herritarrei bere laguntza emateko prest.

Udalak, nahiz eta honen berri Nafarroako Gobernuari jakinarazi, ez du harrobiaren inguruko jarrerarik hartu, haien erranetan, “neutralitatea” mantendu behar dutelako. Hala, maiatzaren erdialdean egindako udal bilkuran ez zen gaia tratatu ere egin.

Herritarren artean lan talde bat osatu da eta, lehenengo fasean, Saldias eta Beintza-Labaienen firmak biltzen hasia da. Inguruko herriak informatzeko Malerreka Mankomunitatean bilera eskatu dute eta Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Departamentuko arduradunekin bilera eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun