15 ahari aurkeztu dira Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 6a, 21:42
Ahari irabazleak, nagusiekin, epaimahaiko kideekin eta udal ordezkariekin.

Lehenbiziko sariak Donamarira joan dira, Zabaltenera mutur beltzetan eta Porotxenera mutur gorrietan

Doneztebeko Udaberriko feria hamargarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 6an. 15 ahari aurkeztu dira lehiaketara, joan den urtean baino 1 gehiago, eta sari nagusiak Donamariara joan dira, Zabaltenera mutur beltzetan eta Porotxenera mutur gorrietan.

Goizeko 11etatik eguerdiko ordubatetara bederatzigarren ahari lehiaketa egin da Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten 15 buru aurkeztu dira lehiaketara. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, 4 ahari muturbeltz eder aurkeztu dira. Horien artean, Donamariko Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutako hiruek osatu dute podiumeko hiru koxkak, 10, 70 eta 50 euroko sariak eskuratuz. Laugarren, Urrozko Eustasio Mariezkurrenaren burua izan da.

Mutur gorrien atalean, 11buru aurkeztu dira eta diru-kopuru bera izan dute saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Donamariko Porotxeneko Jose Miguel Lasagak aurkeztutako ahariarentzat izan da, bigarrena Oizko Telleneko Lucio Telletxearentzat eta hirugarrena Doneztebeko Koro Antxorenarentzat. 

Xanti Uterga alkateak, Alfredo Basterrak eta Patxiku Mitxelenak osatu dute epaimahaia eta Leire Ortuoste zinegotziak ere parte hartu du sari banaketan.

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu da ortziral eguerdian, Martin anaiek eta Mikel Mendiburuk aurkeztutako behi eta aretxeekin. Gainera, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu dira dozena bat eskulangile eta Doneztebarrak elkarteko merkatariek ere beraien produktuak atera dituzte eta horrek lagundu du feria giroa ederragoa izan dadin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun