Malerrekako ahari onenak sarituko dituzte Udaberriko Feria egunean Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko maiatzaren 4a

Eskulangileek ere tokia izanen dute Doneztebeko Udaberriko Ferian.

Eskulangileek ere euren lanak plazaratuko dituzte maiatzaren 6an

Aurreko urtetan egin den bezala,  aurten Doneztebeko Merkatuko plazan Malerrekako  X. Ahari Lehiaketa burutuko da maiatzaren 6an.  Eguna borobiltzeko Malerrekako eskulangileen erakusketa salmenta eta bertako tratularien abere erakusketa antolatuko da.

 

Ortziral goizeko 11etatik 13:30etara burutuko da ahari lehiaketa. Epaimahaikoek 6 sari banatuko dituzte: 3 mutur gorrientzat eta bertze hiru mutur beltzendako. Sariak honako hauek izanen dira. Lehendabizikoei 120na euro, bigarrenekoei 70na euro eta hirugarrenekoei 50na euro. Sari banaketa 13:30etan burutuko da. Bitartean eta, goizeko 10etatik  14:00etara, Malerrekako hainbat eskulangileen erakusketa izanen da. Aurtengo ferian parte hartuko duten artisauak honako hauek izanen dira. Urrozko Bittoriano Arzuaga (artilea); Doneztebeko Jose Luis Olaizola (heraldika); Zubietako Santiago Hualde (kaikuegile); Doneztebeko  Lourdes Goñi (etxeko goxokiak, erroskillak);  Doneztebeko Maria Irurueta  (Kanutilloak);  Oizko Carlos Mindegia (gaztak);  Zubietako talogileak, Joxepa Loiarte eta lan taldea; Zubietako  Fausti Juanikorena (jantziak); Zubietako  Maria Salanueva (xaboiak);  Eratsungo Malu Alvarez (zilarra) eta Zubietako Andrew Smith  (argazkiak). Eguraldi euritsua eginen balu eskulangileen erakusketa eliza atarira eramanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun