Espainiako junior txapelketa irabazi du Ane Petrirena sunbildarrak 200 metroko lasterketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mar. 29a, 14:45
Junior mailan Espainiako txapeldun izateaz gain, bere marka pertsonala ere hobetu du Ane Petrirenak.

Bere marka ere 13 zentesimatan hobetu du (24.46) Pamplona Atletico taldeko korrikalariak

Lesioz betetako denboraldi baten ondotik atletismo pistetara itzuli zen Ane Petrirena Insausti atleta sunbildarra urtarrilaren 9an Donostiako Anoetan. Ez nolanahi gainera, Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldian eta partehartze libreko proban 200 metroko lasterketa 24 segundu eta 59 zentesimatan egin baitzuen, bere marka pertsonala. Orain, ezustean, Espainiako junior txapelketa irabazi du Sabadellen Pamplona Atletico taldeko korrikalariak, berriz ere marka pertsonala eginez (24.46).

 

Petrirenak ezustea eman zuen, AD Marathon taldeko Paula Garcia madrildarra baitzen faborita nagusia, Gallur hirian jokatutako Espainiako txapelketa absolutoan 24.41eko marka lortu ondotik. Sabadellen 24.69 egin zuen Garciak eta hirugarren izan zen azkenean. Zilarrezko domina FC Barcelona taldeko Ingrid Andresek lortu zuen (24.55).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun