Ramon Latasari omenaldia eskainiko diote martxoaren 6an Sunbillan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko martxoaren 3a

1991ko otsailaren 25ean hil zen Ramon Latasa, baina sunbildarrek ez daukate ahazteko historiako aizkolari onenetako bat.

Donato Larretxea eta Iker Vicenteren arteko desafio berezia izanen da eta Patxi Astibiak oinbikoa moztuko du 73 urterekin, Sunbillako aizkolari handiaren heriotzaren 25. urteurrenean

Ramon Latasa aizkolari handia izandakoa oraindik gogoan daukatela erakutsi nahi dute Sunbillakoek. 2002tik honat urtero Ramon Latasa Saria antolatzen da Sunbillan. Horrez gain, 2007an inauguratutako herriko plaza berriak Ramon Latasa plaza izena du. Bertan aizkolari handi honen eskultura bat paratua dute. Historiako aizkolari hoberenetako bat izan zen eta 1991ko otsailaren 25ean hil zen. Igandean omenaldia eskainiko diote sorterrian.

 

Oraingoan, omenaldi berezi bat eskaini nahi  diote Sunbillakoak Ramon Latasari bere heriotzaren 25. urteurrenean. Horretarako,  jaialdi  dotorea  antolatu dutesunbildarrek.  Martxoaren 6an izango da  Sunbillan. Lehenengo, 11:00etan bere oroimenez meza izango da eta segidan 12:00ak aldera, aizkora probak.

Eguraldiak laguntzen badu saioa Ramon Latasa plazan izango da eta euria eginen balu, udal pilotalekuan jokatuko da.

Hasteko, Latasaren garaiko  aizkolari handienetako bat arituko da aizkoran; Patxi Astibia (73 urte), eta oinbiko enbor bat moztuko du. Ondoren, aizkora desafio berezia jokatuko dute Donato Larretxea aizkolari beteranoak eta Iker Vicente aizkolari gazteak. Donato Larretxeak, aizkoran erabiltzen diren neurri guztietako enborrak moztu beharko ditu, denetara, zazpi enbor;  kanakoa (108  ontza), 80 ontzakoa, oinbikoa (72 ontza), (60 ontzakoa), kana-erdikoa (54 ontza), 45 ontzakoa, eta oinekoa  (36 ontza). Oraindik inork ez du egin horrelako lanik plaza batean.

Iker Vicentek, berriz, 16 kana-erdiko ebaki beharko ditu.

Aizkolari bakoitzak bi laguntzaile izanen ditu ondoan: erakuslea eta botileroa. Bakoitzak bere enborrak plazaratuko dituzte, eta bi aizkolarien asmoa enbor onak eramatea da plazara. Biek ere omenaldia egin nahi diote Ramon Latasari, marka handi bat eginez.

Jaialdia ikusteko, gainera, ez da sarrerarik ordaindu behar izanen. Beraz, herri kirol eta aizkora zaleentzat, galdu ezin daitekeen hitzordua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun