Kolorez eta giroz beteta joan dira Sunbillako inauteriak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 1a, 10:59
1981ean Arkupeak elkarteak Benidormera egindako bidaia irudikatu zuten karrozetako batean.

Igandeko karroza desfileak jendetza bildu du aurten ere

2016ko Sunbillako inauteriak, kolore eta giroz beteta joan dira. Igandeko karrozen desfilearengatik dira ezagun inauteri hauek, eta hori aurten ere ikusgarria izan da, baina ortziraletik hasita, asteburu osoan giro bikaina izan dute. Ikusi Maider Petrirena eta Nieves Biurrarenaren argazkiak

 

Ortziralean gazteek eman ziote hasiera gosari eder batekin Ariztigain Kanpinean. Gero, bi taldetan banatu eta baserriz baserri ibili ziren, Modesto eta Joxe Angel akordeoilariak lagun zituztela. Batzuk Ixtolan bazkaldu zuten eta bertzeek Exkernekobordan. Arratsalde partean haurren txanda izan zen. Gauean berriz, emakumeen txanda izan zen. ehun bat emakume Ulibeltzak elkartean elkartu baitziren. 

Larunbatean berriz, gazteek herrian eskean ibili ziren eta Fondan bazkaldu zuten. Arratsaldean berriz, haurren txanda izan zen Ulibeltzak elkartean.

Igandea, egun ederra izan zen, Karrozen desfilea, hogeita hamalaugarren urtez segidan. Euria egin ez egin, zalantzan ibili zen goizean, baina ongi eutsi zioten enbidoari sunbildarrek.

Betiko hiru karrozek eman zioten irekiera karrozen desfileari. Bertan 1.200 arraultzeko tortillak, salda, gaztainak, ardoa, taloak eta gazta banatu zituzten ikusleen artean. Ondotik, zerria eta bildotsa urtero bezala desfilea bukatutakoan zozketatzeko eta segidan, bertze zenbait karroza: Minions taldea, Arkupeak elkarteko bazkideek 1981ean Benidormera egindako bidaia, zirkua, Egipto, Kadizko txirigotak, sorginen akelarrea, garai bateko “Verano azul” telesaileko pertsonaiak, masai tribua, mojen konbentua, Oesteko saloon ikusgarria, Jonathan eta Jennifer ‘txonien’ ezkontza, militarren tiro zelai irrigarria eta ostruka lasterketa ikusteko aukera ere izan zen,  Karrikaz karrika ibili ziren.

Boletoen salmante ere ederki joan zen, 10.000tik 9.700 saldu baitzituzten. Sari nagusia, zerria, herrian gelditu zen, Kostantzenekoei egokitu baizitzaien. Bildotsa, berriz, herriko Aroztegia landetxera etorri ohi den Eugiko familia bati suertatu zitzaion.

Ondoren Ulibeltzak elkartean bazkaria eta Santxotena akordioilariarekin musika izan zuten. Honekin akautu dira 2016ko iñauteriak. Hurrengo urtean berriz.

  

Argazki lehiaketa

Azken urteetan bezala, aurten ere inauterien inguruko argazki lehiaketa deitu du Sunbillako Herriko Etxeak, herrian bizi den edozeinentzat. Lanak otsailaren 2tik 19ra aurkez daitezke udal bulegoetan, 08:00etatik 15:00etara, gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz. Argazki guztiak udalaren webgunean erakutsiko dira eta sariduna ere bertan jakinaraziko du Sunbillako alkateak, zinegotzi batek, Ulibeltzak elkarteko lehendakariak eta inauteriak antolatzen dituen gazteen ordezkari batek osatutako epaimahaiak, aurkezteko epea bukatu eta hurrengo astean. 150 euroko saria izanen du.

 

 

 

Erlazionatuak

Sunbillako inauteriak 2016

Ttipi-Ttapa 2016 ots 03 Malerreka   Sunbilla

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun