Doneztebeko feriak ospatuko dituzte azaroaren 13an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko azaroaren 12a

Ortziral goizean aziendak ikusteko aukera izanen da.

Ortziral arratsaldeko herri kirol jaialdian, txapelak, kategoria jautsierak eta erakustaldiak jokoan izanen dituzte

San Martin ondoko ortziralean, azaroaren 13an, feria giroa zabalduko da Doneztebeko karriketan. Eguneko lehenbiziko hitzordua Merkatu plazaren bueltan izanen da; bertako eta inguruko aziendak jarriko dituzte ikusgai eguerdira arte eta tratuan aritzeko aukera ere izanen da. 

 

Udazkeneko feriak, postuz postuko labirintoan sartu eta pagotxaren bila aritzeko ere aprobetxatzen dituzte aunitzek. Neguan goxo ibiltzeko jantziak, artisau lanak, baratxuriak, lanabesak... denetarik topatuko dute bisitariek eta taloak edota gaztainak ere jarriko dituzte salgai. Horretaz gain, elkartasunerako tarterik ere izanen da Sahararen aldeko tonbolan. Bosgarrenez, antolatuko du Saharaztanek, inguruko merkatarien laguntzarekin.

 

Txapelak eta kategoriak jokoan arratsaldeko herri kirol jaialdian

Feria egunaren parte bihurtu da dagoeneko arratsaldean egin ohi den herri kirol jaialdia. Aizkoran, arpanan… norgehiagoka bikainak ikusteko aukera

izan da azken urteetan udazkeneko ferietan eta aurtengoan, Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren finala eta lehen mailako arpana jautsera kanporaketa jokatuko dira. Arratsaldeko 6etan hasiko da jaialdia

Doneztebeko eskoletako frontoian eta 15 euro ordaindu beharko dira sarreragatik.

Hasteko Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatuko da. Bost aizkolari lehiatuko dira, tartean bi eskualdekoak: Asier Pellejero aresoarra eta EnekoSaralegi leitzarra. Beraiekin batera, Aitor Senosiain (Olague), Goizeder Beltza (Etxarri Aranatz) eta Iban Resano (Dorrao) ariko dira lanean. Azken honek, osasun arazoak dituen Manolo Kañamares ordezkatuko du.

Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko dituzte.

Lehen mailako Arpana Jaitsiera kanporaketa ere jokatuko da. Saioa irabazten duen bikoteak heldu den urtean lehen mailan mozten segituko du; galtzen duenak berriz, bigarren mailan aritu beharko du.

Batetik, Esteban eta Martin Pikabea (Gerendiain) ariko dira, aurtengo lehen Mailako Arpana Txapelketan azkena sailkaturiko bikotea da hau. Bertzetik, Adrian Berruezo (Ibero) eta Alberto Oteiza (Larrageta). Ezin izan zuten parte hartu txapelketan, lesio bat zela medio eta Doneztebeko aukera aprobetxatu nahiko dute. Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai eta zutik jarritako kanaerdikoari 4 epai egin beharko dizkiote.

Txapelketatik kanpo, jaialdia osatzeko asmoz, erakustaldiak ere antolatzen dituzte. Aurtengoan sei emakume arituko dira aizkoran euren trebezia erakutsiz, bikotetan banatuak: Aresoko Itxaso Onsalo eta Tolosako Alatzne Etxaburua, Berako Amaia Garcia eta Nerea Sorondo eta Iturengo Maika Ariztegi eta Beintza-Labaiengo Irune Izkue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun