XXXVII. Herri Krosa antolatu du Doneztebeko Errekak ekainaren 21ean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko ekainaren 18a

Korrikalari ttikienak igande goizeko 10:30ean abiatuko dira.

Ttikienen proba igande goizeko 10:30ean abiatuko da eta proba nagusia ordubete beranduago

Ohitura den bezala, San Pedro besten aurreko igandean ospatuko da aurten ere Doneztebeko Erreka elkarteak antolatutako herri krossa, 37. edizioan klasikoa bihurtu dena Bidasoaldean eta azken urte hauetan parte hartze bikaina lortu duena, 200 korrikalari baino gehiago bilduz.

Izen-ematea egunean bertan egin daiteke edo www.herrikrossa.com web orriaren bidez edo Elkartearen Blog-aren bidez: www.erreka.org. 5 euro ordaindu beharko dute jubenilek eta hortik aitzinerako kategoriek. Gazteagoen­zat debalde izanen da. Aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak 10:30etik aitzinera aterako dira. Jubenilak, seniorrak eta beteranoak, aldiz, 11:30ean.

Distantziei dagokienez honako hauek izanen dira: maila berezia: 75 metro; aurre-benjaminak: 420 m; benjaminak: 420 m; alebin neskak: 800 m; alebin mutilak: 1.180 m; infantil neskak: 1.180 m; infantil mutilak: 1.560 m; kadete neskak: 1.825 m; kadete mutilak: 3.650 m. Hortik aitzineko neskek 3.650 m eta mutilek 7.300 m.

Partehartzaileek ikusleen txaloez gain, sariak ere eskuratuko dituzte. Txikienek oparitxo bana jasoko dute eta gizon eta emakumeen sailkapen orokorrean, berriz, honako sariak izanen dira: irabazleak  150 euro; bigarrenak 90 euro; hirugarrenak 60 euro ; laugarrenak 45 euro eta bortzgarrenak 30 euro.

Azken urteetako irabazleei dagokienez, gizonezkoetan, 2010etik 2012ra Antonio Etxeberria nagusitu zen, 2013an Abdelhadi Habassa eta 2014an Antonio Casado.

Emakumezkoentan, 2011n Vanessa Patxak irabazi zuen, 2012an Maika Ariztegik, 2013an Salima Charkik eta iaz Aicha Banik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun