Giro ederrean joan zen Malerrekako IV. Eguna Elgorriagan

Dantzariek saio ederra eskaini zuten jendez gainezka ageri zen frontoian.

Herritar eta elkarte seinalatuak omendu zituzten eta Itureneri eman diote heldu den urterako lekukoa

Giro ederrean joan zen maiatzaren 30ean Elgorriagan Malerrekako laugarren Eguna. Zubieta, Eratsun eta Donezteberen txanda hartu zuen bailarako herri ttikienak eta beti bezala, 13 herrietako bizilagunak umore ederrean bildu ziren.

 

Malerrekako Gazte Asanbladakoak Sunbillatik Elgorriagara ibilaldia egin zuten eguna hasteko.

 

Omenaldiak

Harrera ekitaldian, Elgorriagako bizilagun eta elkarte seinalatuak omen zituzten. Honela, Manolo Ganboa txirrindulariak, Hilarion jatetxeko Karmentxu Olazarrek, Fernando Martin arotzak, Bittori Ibarrak (herriko abesbatzaren izenean), Zorrollo Elkarteko Josu Irurietak eta Pedro Grazenea Etxaide Elgorriaga erremontelari izandakoak antolatzaileen zapia eta dantzarien aurreskua jaso zuten.

Musika Eskolako musikariak harat-honatean ibili ziren eta goiz osoan artisauak eta talogileak eliz atarian eta pisu azpiko patioan egon ziren. Horien artean, kulturak ere izan zuen bere lekua eta Mankomunitateak argitaratu duen ahozko ondareari buruzko DVDa, euskal mitologiari buruzko haurrendako liburua edo Dabi Martiarena legasarraren eta Ana Ibañezen “Hankaz gora du amak mundua” liburua erosteko modua ian zen. Sunbilla, Doneztebe eta Iturengo dantzariek eta Mendi abesbatzaren emanaldia eskaini zuten frontoian eta Donamariko buru-handiak ere ibili ziren umeen gozamen eta larridurarako. Joaldunek ere, noski, beraien joare doinuak hedatu zituzten.

 “Malerreka Leihotik Begira” lehiaketako lanen irakurketa eta sari banaketa ere gin zen.

Paella jatearen bazkalondoan Muxikoak dantzatu zituzten eta Malerrekako Mus Txapelketaren finala jokatu zuten Herriko ostatuan. Aurten  Sunbilla ordezkatzen zuen bikotea, Agurtzane Zubietak eta Maria Sarrateak osatutakoa, suertatu zen txapeldun, Elgorriagako bikoteari irabazita.

Umeendako jokoak eta txokolatada, aizkora apustua eta herri kirolak ere izan ziren, zozketa eta mus txapelketaren sari banaketari ekin aitzinetik. Ondotik,  ekitaldi ofizialari bukaera emateko, Iturengo herriari lekukoa pasatzeko ekitaldia egin zuten. Oraindik bestarekin segitu nahi zutenek Hilarionen afaria, eta Oharkabe taldearen eta DJ Endara-ren emanaldiak izan zituzten, ospakizuna borobiltzeko. 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun