«Aurtengo negua oso gogorra izanen da»

Ttipi-Ttapa

Gorritz baserrian, gazta dute etxeko «produktu izarra».

Gotzone SESTORAIN ZABALETA, Leitzako Gorritz baserriko artzaina eta gaztagilea. 

«Estentsiboan edo lurrari lotuta lan egiten dugun abeltzainon baliabiderik garrantzitsuena belarra da; gure oinarria». Horixe bera nabarmendu du Leitzako Gorritz baserriko Gotzone Sestorain Zabaleta artzain eta gaztagileak. «Normalean, udaberrian eta udan egiten dugun belarrarekin negurako izaten dugu, eta udaberritik azarora ardiak larrean uzten ditugu». Aurten, ordea, ez. «Mendia eta etxe ondoko larrea gorri-gorri daude» eta ez dute bazkarik.  

Uda lehorrari erantzuteko, kanpoan bilatu behar izan dute irtenbidea. «Lehenbiziko belar ebaketa oso ona izan zen, baita kopuru aldetik ere. Bigarrena ona izan zen, baina oso eskasa». Kanpoan belarrik ez, eta ardiak bazkatzen hasi behar izan dute: «Abuztu hasieratik goiz eta arratsalde jatekoa ematen ari gara. Belar pixka bat eman diegu, baina negurako gorde nahi dugu, kalitatezko gazta egiteko guretzat oso inportantea delako belar ona ematea».

Bitartean, ordea, ezin ardiak  goseak eduki, eta «arrauka (festuca) eta horrelako bazka erosten ari gara. Atera kontuak, hiru hilabetez kanpotik erositako jana eman behar badiogu, zenbateko kostu ekonomikoa izanen den!». Gainera, bazkaren truke jendea «urrezko prezioak» pagatzen ari dela gehitu du: «Zalkearen (veza)  prezioa uztailetik honat ia bikoiztu egin da eta gainera, ez dagoela esaten dute; festuca tonaren prezioa 180 eurotik 300 eurora pasatu da; alpapa tonak duela bi hilabete 230 euro balio zituen eta orain 320 eurora ailegatu da». Argi dio: «Aurtengo negua oso gogorra izanen da. Jendeak azienda asko kenduko du, mantentzea ikaragarri garesti aterako delako». 

Espekulazioa ere salatu du: «Bazka biltegiak –bitartekariak– bazkarekin espekulatzen ari dira. Maiatz bukaeran eta ekainean, zer zetorren ikusita, baserritar batzuek alpapa erosi nahi izan zuten urte osorako, baina ezetz esan zieten. Prezioak goia noiz jo zain egoten dira, espekulatzeko, eta hori egin dute aurten ere». Ez hori bakarrik: «Alpapa ez da horrenbeste igo, Ormuzko itsasartea itxita, Saudi Arabiako jauntxoei saltzen zietena mugatu delako. Horrela dago elikagaien eta bazkaren kontua, espekulazioa da nagusi».

«Elikagai kontuak ezin dira merkatuaren esku utzi. Administrazioak hori erregulatu behar du»

Hori «onartezina» dela dio: «Elikagai kontuak ezin dira merkatuaren esku utzi. Administrazioak hori erregulatu behar du, kontrol mekanismoak jarri eta tokiko elikadura sistema indartu eta bermatu behar du».

Bere hitzetan, tokiko elikadura sistema indartzeko, espekulazioa geldiarazteaz gainera, «tokiko elikagaien beharrak asetzera bideratuko estrategiak garatu behar dira». Honela gehitu du: «Argi dago klima aldatzen ari dela eta faktore honek gero eta gehiago estutuko gaituela; krisi energetikoak nazioartean eta hemen sortzen dituen gorabehera guztiak ere hor daude eta horri gehitzen badiogu merkatu erabat liberalizatua dugula, horren ondorioz espekulazioa egiten da, bai hemen, baita mundu mailan ere, eta horrekin batera, kontrolik gabeko inportazio-esportazio logika merkantilista». Leitzarrak argi du: «faktore horiek guztiek gure sektorea dantzan jartzen dute, baita elikagaien prezioak ere».

«Testuinguru nahasi» horretan eztabaidaren beharra aldarrikatu du: «Gaiak ertz asko ditu eta batera landu behar dira. Bertakoa babesteko eta indartzeko politika ausartak behar dira». Gisa berean, «barne merkatu baten logikatik, aziendarentzat bazka eta belarra, bertan, prezio justu batean, bermatu» behar dela azpimarratu du, «are gehiago aurtengoa bezalako egoeretan. Edo pentsuaz ari garela, hemen bertako landare proteina (baba, ilarra...) bermatu behar da, Brasilgo soja erabili beharren». Gehiago ere esan du: «Ongarri kimikoak gero eta garestiagoak izanen dira, eta horiekiko dependentzia gutxituz agroekologiak eskaintzen dituen tresnak baliatuta nola ekoitzi ere landu behar da».

«Abeltzaintza estentsiboa bai, baina zertarako? Kapritxorako, negoziorako edo tokiko elikagai beharrak asetzeko? Gauza asko berrikusi behar dira».

Bukatzeko, herri lurren kudeaketaz aritu da, eta «larrea oinarri duen abeltzaintza ereduarentzat oso garrantzitsuak» direla esplikatu du: «Baina testuingurua zailtzen ari den garai hauetan zer kudeaketa izanen litzatekeen egokia pentsatzen hasi behar dugu. Abeltzaintza estentsiboa bai, baina zertarako? Kapritxorako, negoziorako edo tokiko elikagai beharrak asetzeko? Gauza asko berrikusi behar dira».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun