[ARGAZKIAK] Aresoko XVII. Mendi Martxa: aldapan gora ere irribarrez

Ttipi-Ttapa

Gustuko tokian aldaparik ez dela dio esaera zaharrak, baina aldapan gora ere goza daitekeela erakusten dute igandean Areson ateratako argazkiek. Herriko plazatik atera eta Urteagako aldapan gora, koloretako suge baten pare, ttipi-ttapa egin zuten mendizaleek Ulizarko kaskorako bidea. (Argazkiak: Eneritz Iraola)

Aresoko Mendi Martxaren XVII. edizioak aurreikuspen guztiak hautsi zituen irailaren 6an. Mendizale kopuru handia espero zuten; aldez aurretiko izen emateak irailaren 3an itxi zituztenean 435 lagunek zutelako izena emana, baina ez ziren gutxi izan egunean bertan ere izena eman zutenak.  572 lagunek parte hartu zuten proban: 369 mendizalek osatu zuten 21 kilometroko ibilbide luzea eta 203k 12 kilometroko ibilbide laburra.

Goizeko zortzietan atera ziren plazatik ibilbide luzeko parte hartzaileak eta ordubete geroago ibilbide laburrekoak. Lehenagotik hasiak ziren lanean Aresoko herritarrak: ibilbidea markatu, plaza prestatu, aparkalekuak antolatu, kamisetak prestatu, izen emateak egin, kamisetak banatu... denera, 50 bat lagun aritu ziren auzolanean. Paella prestatzeaz arduratzen den taldeak ez zuen atseden handirik izan: bederatzi paella egin zituzten. Itzulia osatuta, kamiseta berria soinean eta tripa-zorriak asetuta egin zuten parte hartzaileek etxerako buelta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun