Zer moduzko esperientzia izan zen unibertsitatera sartzeko proba egitea?
Naroa Olano: Hasieran, nahiko urduri nengoen, eta lehenbiziko proba ez zen uste bezain ongi atera. Horrek, orokorrean, gauzak okertu zituen, baina gainerako guztia lasaitasunez egin nuen. Esperientzia ez zen hain txarra izan, lagunekin egoteak asko lagundu zidan eta denbora librean ongi pasatu nuen. Bertako seriotasuna da ikaslea beldurtzen duena, baina guztia egindakoan konturatzen gara ez dela hainbesterako.
Anartz Lujanbio: Proba egitea esperientzia aberasgarria bezain zorrotza izan zen. Egun horietan bizi izandako presioak eta urduritasunak izan ziren kontrolatzea gehien kosta zitzaizkidan puntuak. Azterketa batzuk ez ziren izan gehiengoak espero genituen modukoak, eta beraz, alde horretatik, pixka bat zailagoa iruditu zitzaidan.
Eunate Belauntzaran: Esperientzia gazi-gozoa izan da. Egun batzuk lehenago oso urduri nengoen, baina aurreneko azterketa egindakoan, asko lasaitu nintzen. Eta Batxilergoko azterketa aste bat bezala bizi izan nuen selektibitatea. Gustura gelditu nintzen. Egia da azterketa batzuk ez zirela nik nahi bezala atera, baina sentsazio onarekin gelditu nintzen.
Zenbat azterketa egin zenituzten?
Naroa Olano: Nik bost azterketa egin nituen. Horietako hiru hizkuntzak izan ziren: Euskara, Gaztelania eta Ingelesa. Horietaz gain, Filosofia eta Gizarte Zientzietako Matematika egin nituen,.
Anartz Lujanbio: Nik ere derrigorrezko fasekoak bakarrik egin nituen. Aukeratutako bost irakasgaiak Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Filosofia eta Matematika izan ziren.
Eunate Belauntzaran: Sei azterketa egin nituen: Hiru hizkuntzak (Euskara, Gaztelania eta Ingelesa), Filosofia, Gizarte Zientzietako Matematika eta hautazkoen artean, Geografia.
Nolako ikasturtea izan da?
Naroa Olano: Niri ikasturtea ez zait gogorra egin. Lagunez inguratua egon naiz eta momentu onak bizitzeko aukera izan dut. Sentsazio politarekin gelditu naiz. Nahiz eta momentu batzuk zailak egin zaizkidan, asko disfrutatu dut.
Anartz Lujanbio: Orokorrean, ikasturtea ongi joan dela esanen nuke. Lagunekin izan dudan harreman onaren ondorioz, ikasturtearen zati handi bat oso eramangarria egin zait eta gustura egon naiz. Aldi berean, azterketa asteak ailegatzen zirenean, dena aldatzen zen eta aste horiek gogorxeagoak egin zitzaizkidan. Aipatzekoa da, orain arte egindako kurtso guztiak baino dezentez gogorragoa dela.
Eunate Belauntzaran: Ikasturtea gorabeheratsua izan da, beti izan dugu selektibitateari begira presio hori. Eta azterketa asteetan, nahiko estutua sentitzen nintzen eta etsipen sentimendu horiek gailentzen ziren. Baina, hala ere, urte polita izan da, nire lagunei eta ikaskideei esker, kurtsoa errazagoa izan delako beraien ondoan.
Zer ikasteko asmoa duzue?
Naroa Olano: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua ikasiko dut.
Anartz Lujanbio: Irakasle Ikasketak egitea gustatuko litzaidake. Betidanik izan dut gustuko.
Eunate Belauntzaran: Egia esanda, oraindik ez dakit zer ikasi nahi dudan.
Zerbait gaineratu nahi duzue?
Naroa Olano: Momentu bat hartu nahiko nuke ikasturte honetan nire ondoan egon diren guztiei eskertzeko. Beraiek gabe hau ez litzateke posible izanen eta oso eskertuta nago. Nire familiari, niregatik dena eman dutelako eta urte hauetan guztietan nigan konfiantza izan dutelako. Bestetik, lagunei, etapa honetan bidelagun izan direlako eta beti laguntzeko prest zeudela erakutsi didatelako. Beraiek ere hau gainditzeko lan handia egin dute eta badakit nahi duten hori lortzera ailegatuko direla. Amaitzeko, nire bikotekideari, bide honetan ere beti nire ondoan egon delako. Maite zaituztet.
Eunate Belauntzaran: Nik ere eskerrak eman nahi dizkiet etapa honetan nire ondoan egon direnei: familiari, lagunei, irakasleei…