24 urte. Horixe da Amaia Tato Zabaleta goizuetarrak etxetik kanpo daraman denbora. Ofizioz hegazkinetako laguntzailea da, baina ez zuen hori buruan utzi sorterria. Ingelesa hobetzeko atera zen kanpora, baina baita «motibazio faltagatik eta nire bidea aurkitzeko beharragatik» ere: «Garai hartan ez nuen oso argi zer ikasi edo nola bideratu nire bizitza. Eta Irlandara joan nintzen ingelesa hobetzera. Han nengoela, ingurukoek hegazkinetako laguntzaile izateko bidea hartzera animatu ninduten». Eta hala egin zuen: «Arlo horretako ikasketak egin nituen. Unibertsitateko ikasketak ere egin ditut, baina ez dut ikasketekin zuzenean lotutako lanik egin».
Aireportuz aireportu, hegazkin batetik bestera dabil geroztik. Eta hegazkinetako laguntzaile lana tarteko, hainbat tokitan bizi izan da: tartean, Mallorcan, Bartzelonan eta Madrilen: «Madrilen bederatzi urte eman nituen eta azken hamalau urteotan Bartzelonan bizi gara».
«Bidean jende onaren eta askoren laguntza izan dut. Horrek asko erraztu zidan egokitzapena»
Hasiera «oso gogorra» izan omen zen: «Orduan ez zegoen gaur egungo komunikazio eta mugikortasun erraztasunik: telefono deiak eta mezuak garestiak ziren, eta askotan maparekin moldatu behar izaten nuen. Sarritan, jendearen borondate onean fidatu behar izan nuen». Onartu du «bidean jende onaren eta askoren laguntza» izan duela; «horrek asko erraztu zidan egokitzapena».
Hasiera hartan lana bilatzea ere «zaila» izan zela kontatu du, baina «denborarekin eta laguntzarekin, lana aurkitzeko eta egokitzeko aukera izan dut». Hori bai, «Euskal Herrian baino aukera gehiago» topatu ditu kanpoan. Euskal Herrian ere aritu izan da, zehazki, «eskaeren arduradun. Baina ez nintzen lan horrekin identifikatua sentitzen». Bilboko aireportuan ere ibili zen, «baina kanpora joatea nire bidea bilatzeko modu bat izan zen». Eta aurkitu du: «Nahiz eta gogorra izan, esperientzia aberasgarria eta eraldatzailea izan da».
«Mundu osoan bidaiatu dut, baita turistentzat itxita dauden herrialdeetara ere»
Urteotan «mundu osoko hegaldietan» ibili da eta azken urteotan, «batez ere Europan eta Afrika iparraldean» dabil lanean, eta «duela hilabete batzuk arte, Ekialde Hurbilean» ere bai. Eta maite du lana: «Oso polita da, aukera asko ematen ditu. Leku asko ezagutzeko aukera izan dut, eta mundu osoan bidaiatu dut, baita turistentzat itxita dauden herrialdeetara ere».
Aldi berean, «lan gogorra» dela gehitu du: «Azterketa ugari egin behar izaten ditugu, proba fisikoak gainditu... Etengabeko prestakuntza eskatzen du. Hau da, hegazkin guziak ez direnez berdinak, bakoitzaren funtzionamenduaren berri izan behar dugu, gaur batean eta bihar bestean lan egin ahal izateko. Urtero laneko lizentzia berritzeko azterketak izaten ditugu. Ordutegiak ere gogorrak dira eta askotan data seinalatuak galtzen dira».
Bartzelonako bizimodua
Aitortu duenez, «beti moldatu izan naiz ongi hiri handietan» eta «momentuz» ez du bueltatzeko asmorik. Hala aitortu du, bere lana eta bere senarrarena Euskal Herrian uztartzea «oso zaila» izanen litzatekeelako: «Nire senarra pilotua da, eta biok gure lanbideetan segitzeko aukerak mugatuak dira Euskal Herrian. Hala ere, gustura bueltatuko nintzateke etorkizunean aukerak izanez gero».
«Bi seme ditut eta biek badakite euskaraz»
Etxetik kilometro askotara bizi da, baina agerikoa da sorterriarekin duen lotura. Bi seme ditu, eta «biek badakite euskaraz mintzatzen. Seme zaharrena izateko Euskal Herrira joan nintzen, eta guretzat beti garrantzitsua izan da sustraiak ez galtzea». Kontatu duenez, «umeak oso gustura joaten dira Goizuetara. Batez ere udan eta Eguberrietan, denboraldi luzeak pasatzen dituzte han». Eta berak ere bihotzean darama. Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak. Hala dio kantak, eta hori sentitzen du Tatok: «Goizueta beti daramat bihotzean. Nahiz eta urrun bizi, nire etxea Goizuetan dudala sentitzen dut. Nire erroa han dago. Zuhaitz baten antzera sentitzen dut neure burua: zuhaitza gorantz hazten da, hostoak atera eta loratzen da, baina erroa leku bakar batean dago, eta nirea Goizuetan dago».