Lan aukeren bila atzerrira

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 6a

Euskal Herrian baino lan aukera gehiago aurkitu dituzte atzerrian, eta kanpora lanera joan diren eskualdeko sei herritarren testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk. Batzuk badute bueltatzeko intentzioa, baina bertzeek ez.

Euren alorrean Euskal Herrian ez dutelakoz lanik harrapatu, edo kanpoan lan aukera gehiago daudelakoz, ez dira gutti sorterria utzita atzerrira lanera joan diren ikasketadun gazteak. Artizarra fundazioak eta Deusto Business Schoolek joan den urte hondarrean argitaratutako txostenaren arabera, 25 eta 40 urte bitarteko Hego Euskal Herriko 42.000 gaztek lan egiten dute hemendik kanpo.

Ingeniaritzak, enpresa kudeaketarekin loturikoak eta STEM adarreko ikasketak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) eginak dituztenak dira, eta batez ere, masterrak eta doktoretzak dituztenak. Txosten horren arabera, lana eta garapen profesionala, eta soldata hobeak dira kanpora joateko arrazoi nagusiak, eta hamarretik seik sei urte baino gehiago daramatzate Euskal Herritik kanpo. Ez da hori bakarrik. Txosten horretan ageri denez, Hego Euskal Herritik kanpo lan egiten duten gazteen % 85ek baino gehiagok etorkizunean sorterrira itzuli nahi dute. 

Gai horri tiraka, kanpora lanera joan diren eskualdeko herritar batzuen atea jo du TTIPI-TTAPAk. Garazi Conde Orube lesakarra, Jaime Zalba Larruy elizondoarra, Maitane Erdozain Ibarra beratarra, Amaia Tato Zabaleta goizuetarra, Miriam Mitxelena Iparragirre elizondoarra eta Ainhoa Zapiain Mariezkurrena lesakarra Euskal Herritik kanpo bizi dira. Ikasi duten horretan lanerako aukera gehiago daudelako joan ziren, eta momentuz, han segitzen dute. Batzuek bueltatuko direla diote, baina bertzeek ez dute halako intentziorik.

Garazi Conde Orube (Lesaka)

Garazi Conde Orubek Diseinu Industrial eta Produktuen Garapenean Ingeniaritza ikasketak egin zituen, baina ez da sekula ingeniari lanean aritu. Diseinatzaile grafikoa izateko asmoz, urte bateko masterra egitera joan zen Bartzelonara, eta egonaldia uste baino gehiago luzatu zaio; bortz urte eginen ditu aurten. Denbora batez, han segitzeko intentzioa du, eta etorkizunean, Lesakara bueltatuko litzatekeela dio, baina «nork daki. Bizitzak buelta aunitz ematen ditu».

Jaime Zalba Larruy (Elizondo)

Jaime Zalba Larruyk, berriz, 2018an utzi zuen sorterria eta geroztik atzerrian bizi da. Azken hiru urteotan Suitza aldean dabil, aitzinetik Londresen ere bizi izan zen, eta Ameriketan ere ibilia da. Diseinu Industrialeko Ingeniaritza ikasketak eginak ditu eta ez omen du presarik bueltatzeko. Horrekin batera, «gaztetan horrelako esperientziak bizitzea arras aberasgarria» dela uste du. 

Maitane Erdozain Ibarra (Bera)

Maitane Erdozain Ibarrak. lehenbizi, Biologia ikasketak egin zituen, eta ondotik, basoen kudeaketaren eta erreken egoera ekologikoaren arteko harremanaren inguruan doktoretza egin zuen. Ia zazpi urte eman zituen Kanadan doktoretza egiten, eta gaur egun, Lleidan bizi da. Basoen ikerketa eta kudeaketan espezializatutako ikerketa zentro batean lan egiten du, baina onartu duenez, «begi bat beti Euskal Herriko lan aukerei begira» izaten du. 

Amaia Tato Zabaleta (Goizueta)

Amaia Tato Zabaletak ere unibertsitateko ikasketak eginak ditu, baina ez du sekula horri lotutako lanik egin. Hegazkinetako laguntzailea da eta duela 24 urte utzi zuen sorterria. Bartzelonan bizi da gaur egun, eta hantxe osatua du familia. Momentuz, ez du bueltatzeko asmorik, baina etorkizunean, aukera izanez gero, ez du erabat baztertua. Hori bai, argi utzi duena sorterriarekin duen lotura da: «Goizueta beti bihotzean daramat».

Miriam Mitxelena Iparragirre (Elizondo)

Miriam Mitxelena Iparragirrek otsailean utzi zuen sorterria, bere ikasketei lotutako lanean ari nahi zuelako. Giza Nutrizioa eta Dietetikako gradua ikasi zuen, eta Euskal Herrian lanik bilatzen ez zuela ikusita erabaki zuen Bartzelonara jotzea. «Arras gustura» dagoela dio, eta momentuz, han gelditzekoa da. Hala ere, etorkizunera begira, Europako bertze txoko batean ikusten du bere burua, «lan aukera gehiago eta ardurak aise hobeak direlako».

Ainhoa Zapirain Mariezkurrena (Lesaka)

Ainhoa Zapirain Mariezkurrena datuen ingeniaria da. Informatika ikasketak egin zituen lehenbizi, eta ondotik, Big Data Kudeaketa eta Analisia masterra. Hiri handietara curriculumak bidaltzen hasi zen eta Bartzelonatik hartutako eskaintza onartu zuen. Baina datuen ingeniaritzan aukera gehiago daudela ikusita, handik Londresera joan zen. Han bizi da gaur egun, eta argi mintzatu da: «Londresen gelditzeko intentzioa dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun