Aresoarrek goizeko hamaiketan egin zieten harrera inguruko herrietatik etorritako lagunei. Sei taldetan banatu, Aresoko mapa bana eman eta herrian zehar banatuak zituzten txokoetarantz abiatu ziren haur eta gurasoak. Sei gune sortu zituzten hainbat proposamenekin: Sagastibeltzeko garbilekuan arrantzan aritzea, eskola atzean harri orri har jolastea, Peuneko atarian zintzilik jarritako gozoak jatea, elizan edalontzien jolasa eta plazan aulki jokoan eta arkuarekin, oreka mantentzen eta paretean gora igoz trebatzeko aukera izan zuten. Talde guztiak sei txokoetatik pasa eta itzulia osatutakoan, sormen eta logo lehiaketetako sariak banatu zituzten. 14:00etan herriko plazan egindako bazkarian 180 lagunetik gora elkartu ziren. Ondoren kalejira egin zuten, trikitilarien eta erraldoien laguntzaz. 17:00 aldera, herriko plazan giza futbolina osatu eta tarte ederra pasa zuten haurrek zein helduek. Arratsaldekro jolasak bukatzeko, txapela jaurtiketa ere egin zuten. Nahikoa jolastu ondotik, 18:00 aldera arratsaldekoa banatu eta indarrak hartuta, musikaren erritmora dantzan aritzeko aukera izan zuten. Aresoarrek goizuetarrei lekukoa emanaz eta mezua irakurriz bukatu zuten festa. Hala zion Ana Goñi Aresoko gurasoak idatzitako mezuak: «Gure ondorengoek ere, lekuko hau eskuetan izatearen ohorea sentitu eta gutxienez beste 25 urtez, jarri dezala eskutik eskura, elkarren arteko errespetuzko harremanak jai giroan eraikitzen».