
Kontxi KLABER OIARBIDE
UDALEKO ZINEGOTZIA
«Urumea bailarak erantzun bateratua eman behar luke»
Erreka proiektuaren berri izan zutenean, «herritarrei lehenbiziko momentutik» informatzeko erabakia hartu zuen udalak: «aurkako jarrera argia azaldu eta genuen informazio guztia partekatu genuen». Inguruko herrietan, ordea, ez da hala izan: «hainbat udalek ez dute posizionamendu argirik hartu eta herritarrei ere ez diete informazioa transmititu». Hala, tristea eta kezkagarria iruditu zaio Urumea bailara bezala, «erantzun bateratu» bat eman ez izana.

Aurora PERURENA LOIARTE
ARANOKO HERRITARRA
«Ezer onik ez diogu ikusten»
Ikatz Ganek aurrera egiten badu, «dena aldatuko» dela dio Perurenak. Hunkituta gaineratu du: «Ezin dugu imajinatu ere egin horrelakorik». Aurkeztu dituzten proiektuei ez dietela «ezer onik ikusten» azaldu du eta «herritarrak kontuan hartu gabe» ari direla: «gure herria hutsik balego bezala, inor bertan biziko ez balitz bezala eta hemen dago gure bizi guztia». Argi du: «otsoa etxe atarira etorri dela jakinda, ez naiz lasaiatuko proiektu hauek guztiak gelditzen direla jakin arte».

Ainhoa ANSA ZUGARRAMURDI
URUMEAKO MENDIAK BIZIRIK
«Atzeraezina den kaltea eragingo lukete»
«Txikiak, isolatuak, ezdeusak...» sentitu direla azaldu du Ansak «trantsizio energetikoaren izenean, badirudi hamar txingurri ez zaizkiola inori inporta». Eskala oso handiko proiektua dela salatu du, «oso handia eta txikitzailea dugun ingurunerako». Zalantzarik gabe dio: «Atzeraezina den kaltea eragingo luke, herriaren biziraupena arriskuan jartzeraino». Ez du amore emateko asmorik: «Ez dugu eozein gauza, edonola eta edonon onartu behar. Ezta edozeinen eskutik ere...».
Xabier LEGARRETA ETXARRI
UDALEKO ZINEGOTZIA
«Atea betirako itxi edo erdi irekia geldi daiteke»
Ikatz Gane geldiarazten badute, zergatik izango den ikusi beharko dela dio Legarretak: «atea betirako itxi edo erdi irekia geldituko litzateke. Oso desberdina da ingurumen inpaktuagatik edo arrazoi administratiboengatik etzatea». Proiektu hauen bueltan kontraesan handia dagoela uste du: «Tristea da guk bertako ondarea, fauna... aintzat hartzeko txostenak eta ikerketak egin behar izatea eta, eragin behar duten txikizioa zenbatekoa izango den jakin arren, besteak energia berdea saltzen ari direla ikustea».

Lurdes ANSA EGURRETXEA
URUMEAKO MENDIAK BIZIRIK
«Enteratzen garenerako armatua dute dena»
Aurreikuspen guztiak gainditu eta «etorri dena, erraldoia eta izugarria» izan dela dio Ansak: «Orain dela bi urte nik uste nuen sinadura batzuk bildu, ezezkoa esan eta hortxe geldituko zela dena». Ez da hala izan, «interes handiak dituzte eta xorro-xorro dabiltza haiek lanean. Gu enteratzen garenerako, armatua dute dena». Herritarrak, ordea, ez daude geldirik eta orain artekoa «ikasgai garrantzitsua» izan dela dio. Ez du amore emateko asmorik: «Egiten badituzte, ez da izango behintzat, ezer egin ez dugulako».

Jon Mari BEASAIN IRAZUSTA
UDALEKO ZINEGOTZIA
«Inguruko herrietan ez dute gure kezka berarekin bizi»
3.600 sinadura bildu ditu Urumeako Mendiak Bizirik plataformak eta Beasainek ez du argi, kopuru handia edo txikia ote den: «Aranon herritarren %98k sinatu du, baina beste herrietan ez dugu halako mugimendurik sumatu». Gaineratu du: «inguruko herrietan ez dute gure kezka berarekin bizi. Batzuen babesa izan dugu, baina ez dut nabaritu hizketagaia izan denik». Azpimarratu du Urumea bailara osoari eragingo diola eta kezkatuta aipatu du: «nola liteke, denek elkarrekin honi aurre ez egitea?»