«Gure herria ikazkintzari lotua dago eta ondare hori bizirik mantendu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 29a

Txondorra pizteko ekitaldi berezia eginen dute maiatzaren 1ean. Xabier Solanok piztuko du txondorra eta Motza taldekidea omenduko dute.

Fernando GOIA ESKUDERO, Goizuetako Txondorra Elkartea.

Txondor plaza prestatu, egurra ebaki, meta osatu... hilabetetako lana dago txondorra piztu aurretik. Ongi daki hori Fernando Goia Eskudero Goizuetako Txondorra elkarteko kideak: «Aurten pauso bat haratago eman eta egurra erosi beharrean, basoan dugun lehengaia erabiltzea erabaki dugu. Neguan hasi ginen egurra mendian prestatzen: haizeak botatako arbolak erabili ditugu eta pago batzuk moarratu ditugu». Ez dituzte nolanahiko kopuruak behar izaten: «Hamabi eta hamasei tona egur artean erabiltzen ditugu». 

Egurra herrira ekarri eta udaberrian hasi ziren lehertzen: «neurri zehatz batera moztu behar izaten dira. Guk 80ko puskak prestatu ditugu». Txondor plaza osatzea izan da hurrengo pausoa: «Txondorrak azpi leuna behar du eta plazaren gainean, armiarma sare moduko bat osatzen da, txondorrak beheko aldetik arnasa har dezan». Gero, tximinia eraiki eta piezaz pieza osatzen dute txondorra: «Erdian ardatza edo alkatea sartzen zaio eta horren bueltan osatzen da txondorra, egurrezko meta eginez. Gainetik orbela eta lurra eramaten du eta bueltan, kebideak egiten zaizkio». Txondorra pizten denean, sugarrak dantzan jartzea izaten da pausorik teknikoena: «kebide horiek itxi eta irekiz, sugarrak alde batetik bestera eraman behar dira». Ez da denen eskura dagoen ezagutza: «Andoni Etxenike aritzen da horretan. Bere aitak irakatsi zion berari. Joxe Etxenike izan zen Goizuetan azken txondorgilea». 

Txondorrak emanen duen ikatz kopurua ez omen da zehatz izaten: «Bostetik bat inguru, baina lehengo txondorgileek ere hala esaten omen zuten: zer sartzen duzun badakizu, baina zer aterako den ez». 

2023ko txondorraren piztuera. (Garazi Loiarte)

2011ko azaroan egin zuten auzolanean lehenbiziko txondorra, 2023an bigarrena eta aurtengoa, hirugarrena izanen da. Gainera, aurtengoan elkarte izaera hartuta ari dira lanean: «Martxoan sortu dugu Goizuetako Txondorra elkartea». Apirilaren 19an egitekoa zuten lehenbiziko batzarra eta dagoeneko 72 bazkidek eman dute izena.   

 

Transmisio lana

Elkarteko kideek, «transmisioan» jarri dute azpimarra: «Mendian txondor plazen arrasto pila bat ikusten dira eta ez da kasualitatea zahagi dantzan protagonista ikazkina izatea. Horren atzean zer dagoen, gure herriko historia zein den ezagutzea eta ondare horri bizirik eustea ezinbestekoa iruditzen zaigu». Ildo horretatik segi nahi dute lanean: «Oroimen historikoa, ingurumenaren zaintza eta ohitura zaharrak sustatzen dituzten jarduerak bultzatu nahi ditugu». Txondorra izan da abiapuntua, baina ez dute horretara mugatu nahi: «hainbat gai lantzeko aukera dugu eta aurrera begira, proiektu politak ditugu buruan». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun