Martxoaren 14an egitekoa zuten Enduro Txiki Pest probaren lehenbiziko edizioa, baina orduko hartan ez zen posible izan. Antolatzaileek hasieratik esana zuten, probaren eguna gerturatu ahala eguraldi iragarpenak aldekoak ez baziren atzeratu eginen zutela, eta hala gertatu zen. Apirilaren 19rako egina dute hitzordu berria.
Haur eta gaztetxoek mendiko bizikletaz gozatzeko helburuarekin antolatu du proba Leitza MTB taldeak eta harrera bikaina izan du lehenbiziko edizioak. Izen emateak beteta, 100 parte hartzaile espero dituzte. Goizean, 10:30ean Petriketa eta Baztarla inguruan eginen dute martxa. Gaztetxoak Petriketatik abiatu eta Baztarlaraino jaitsiko dira, eta jarraian Baztarlatik behera beste jaitsiera bat eginen dute. Txikienak, aldiz, Baztarlatik beherako jaitsiera soilik eginen dute. Batak zein besteak, zailtasunik ez duela izanen azpimarratu dute antolatzaileek: «Jaitsiera bakoitzak 700 metro inguru izanen ditu luzeran eta 100-150 metroko desnibel negatiboa». Bukaeran parte hartzaile guztiei oroigarri bana eta oparitxoak ere banatuko dizkietela aurreratu dute.