«Haur eta gaztetxoek mendiko bizikletaz gozatzea nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 28a

Leitza MTB taldeko kideek antolatu dute Enduro Txiki Pest proba.

Dani ALVAREZ ZABALETA, LEITZA MTB Taldeko kidea.

Pedalei eraginez, mendian gora eta behera, ehunka kilometro eginak dira Leitza MTB taldeko kideak. Mendiko bizikletarekiko zaletasunak elkartu zituen duela urte batzuk eta zaletasun horixe da, orain, herriko haur eta gazteen artean zabaldu nahi dutena. Horretarako,  Enduro Txiki Pest proba antolatu dute: «Martxoaren 14an izanen da eta ingurua ezagutu, zer giro sortzen den ikusi eta zaletasuna bultzatzea da asmoa».

Hiru eta hamabost urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendutako proposamena da: «Enduroko martxa izanen da, ez da lehiarik izanen eta adinaren arabera banatuta, ibilbide eta distantzia desberdinak izanen dituzte aukeran». Helburua mendiaz eta bizikletaz gozatzea da eta, horrela, afizioa sustatzea: «Mendiko bizikletarekin ibiltzen den edo afizioa duen gaztetxo gutxi dago herrian. Gehienak 30 urtetik gorakoak gara. Horri buelta emateko, txikitatik hasi behar da lanean». Bide berriak irekitzea ere bada asmoa: «Ume edo gaztetxo baten gurasoek edo inguru hurbilak bizikletan ibiltzeko afiziorik ez badu, nekez transmitituko zaio interes hori. Aukera hori eman nahi diegu, probatzekoa». 

Leitza MTB taldekoek azken urteetan egin duten lanketaren parte da proba: «Lan handia egiten ari gara gure inguruko mendietan: xenda zaharrak berreskuratu eta moldatu, segmentuak sortu... Haurrek eta gaztetxoek ere ingurua ezagutu eta bertan disfrutatzea nahi dugu. Horixe da guk egindako lanak jarraipena izateko bidea».

Martxoaren 14an, 10:30ean, Petriketa eta Baztarla inguruan eginen dute martxa: «Gaztetxoak Petriketatik abiatu eta Baztarlaraino jaitsiko dira, eta jarraian Baztarlatik behera beste jaitsiera bat eginen dute. Txikienak, aldiz, Baztarlatik beherako jaitsiera soilik eginen dute». Batak zein besteak, zailtasunik ez duela izanen azpimarratu dute: «Jaitsiera bakoitzak 700 metro inguru izanen ditu luzeran eta 100-150 metroko desnibel negatiboa». Bukaeran parte hartzaile guztiei oroigarri bana eta oparitxoak ere banatuko dizkietela aurreratu dute.

«Martxoaren 14an izanen da Enduro Txiki Pest proba»

Eguraldia da beraien esku ez dagoen faktore bakarra eta hori ere kontuan izan dute: «Eguraldi txarra eginen balu, atzeratu eginen litzateke proba. Eguraldi ona izatea ezinbesteko baldintza da».

Zazpi bat laguneko taldea ari dira antolaketa lanaz arduratzen, baina auzolana ezinbestekoa izanen da: «Probako bideak markatuta utziko ditugu bezperatik. Goizean goizetik antolakuntzan boluntarioak ibiliko dira: aparkalekua antolatu, dortsalak banatu, hornidura gunea jarri... baina badakigu zein den helburua eta ez gara lanaren beldur». 

Izena ematea

Parte hartu ahal izateko rockthesport.com-en eman behar da izena eta hamar euro ordaindu: «Martxoaren 7a da izena emateko azken eguna». Lehenbiziko edizioa denez, ehun parte hartzailetan jarri dute muga: «Dagoeneko 70 bat parte hartzailek eman dute izena, eta oraindik ere gehiago izatea espero dugu. Oso pozik gaude izandako erantzunarekin. Leitzarrak eta inguruko herrietakoak, oraindik izena eman ez baduzue, garaiz zabiltzate. Animatu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun