Inauteak 2026

«Lotsak etxean utzi eta paperean sartuta, gozatzea da asmoa»

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 21a

Originaltasunik ez zaie falta urtero Zaldun ihauterako.

Miren Intxaurrondo, Josune Marzol eta Arantxa Azpiroz Leitzako ihauteetako igande zaleak.

 

Karroza handi baten beharrik gabe, bada urtez urte Leitzako ihauteetako igandean arrastoa uzten duen lagun talde bat. Duela 27 urte atera ziren lehenbizikoz eta, geroztik, talde handiagoa edo txikiagoa, baina urtero eskaintzen dute beraien ikuskizun berezia: «lotsak alde batera utzita, paperean sartuta ibiltzen gara». Miren Intxaurrondoren, Josune Marzolen eta Arantxa Azpirozen hitzak dira eta hirurak bat datoz  «ihauteetako igande zaleak» direla esatean. 

Gaur egun, Leitzako kale nagusia kolorez janzten da ihauteetako igandean, baina 1998ra arte ez omen zen hala izaten: «Igandean ez zen deus handiegirik izaten, kultur taldekoak eta Aurrerakoak elkartu eta eguna berreskuratzen hastea erabaki genuen. Asmo handiegirik gabe hasi ginen eta begira orain zer nolako dimentsioa hartu duen».

Urtero mozorro berri bat prestatuta zerrenda luzea osatu dute dagoeneko: «toreroak eta antitaurinoak, moda desfilea, hondartza,  alderantzizko ezkontza, mimoak, ezpata dantzariak, autotxokeak...». Gai bat hartu eta saiatzen dira beraien ukitu pertsonala ematen: «Berezia da ikustea gai berdina bi kuadrillei emanda ere, emaitza oso desberdina aterako litzatekeela». Barrezka gehitu dute:  «gurea beti izanen litzateke etxe aldetik ibiltzeko modukoa. Gure etxeetara ez etorri traje baten bila, denak dira trapu zaharrak». Originaltasuna, ordea, ez zaie falta «parodia, satira, kritika... badira gure mozorroaren parte».

Azken ordura ez dute emaitza zein izanen den jakiten:«gaia jarri bai, baina bakoitzak berea ahal duen moduan prestatzen du. Igandera arte ez dugu jakiten besteen mozorroa nolakoa izanen den. Polita da hori.  Elkartu eta lehenbiziko minutuak, elkarri begira barrez pasatzen ditugu». Badute urtero betetzen duten ohitura: «hamaiketakoa egin ondotik plazara joan, argazkia atera eta lehenbiziko emanaldia eskaintzen dugu. Entsegu modura ederki etortzen zaigu».  

Aldez aurretik entseguren bat egiten dute, baina inprobisazioa ere ez omen da falta izaten: «bat alde batera, bestea bestera... nora joan da hura? horrek ere badu bere grazia». Aitortza txiki bat ere egin dute: «musikarekin ez dugu behin ere asmatzen. USBarekin nahiko lan izaten ditugu, pintxoa jarri eta koxketan huts egiten hasten da, kablea atera dela…».  Beraien musika entzuteko ere lanak: «gure karrotxoari kotxeko altabozak eta bateria zahar bat erantsi eta  halaxe atera izan gara. Inguruko denak, berriz, potentzia izugarriko bafleak erabiltzen dituzte».

Hainbat pasadizo
Ez da, ordea, zarata askorik atera behar jendearen arreta bereganatzeko. Barre artean gogoratu dituzte hainbat pasadizo: «urte batean ile-apaintzailez atera ginen eta jendeari benetan mozten genion ilea. Paperean ongi sartu ginen, antza, 'moztu moztu' esaten ziguten».
Bataioa ere egin zuten: «Gotzone bataiatu genuen eta karrotxoan sartuta ume txikia balitz bezala ibili zen egun osoan. Apaizak bataiatzeko ura botatzen zionean irrintzia bota behar zuen eta hasi bai, hasten zen irrintzia botatzen, baina ez zen bukatzeko gai barrez lehertzen hasten zelako eta bere aldamenean baita gu ere».

Batzuetan aldez aurretik prestatutako ikuskizuna izaten da eta beste batzuetan momentuko egoerak eramaten ditu hortara: «jubilatuz  atera ginen urte batean eta kasualitatea, jubilatuz betetako autobus bat etorri zen egun horretan Leitzara. Autobusa geldiarazi, ateak ireki eta hantxe sartu ginen denok barrenera, Benidormera gindoazela esanez».  

Duela bi urteko ihauteetan ere bitxia izan zen beste kuadrilla batekin izan zuten trukea: «Ezpata dantzariz jantzita atera ginen, baina Ibarrolak garbitzaileei buruz esandakoei kritika eginez fregonak jarri genituen buruan.  Urte hartan, kuadrilla batek Sanferminak irudikatu zituzten eta Lopenean parean bi kuadrillek topo egin genuenean, Asiron eta Ibarrolari dantzatu genien».

Lehenbiziko urtean hamar bat laguneko kuadrilla atera ziren, pixkanaka kopuruak gora egin zuen: «seme-alabak ere gurekin ateratzen ziren. Gero, lotsa pixka bat pasatzen zuten gu halako xelebrekeriak egiten ikusita eta beraien kabuz mozorrotzen hasi ziren». Taldea zertxobait murriztu da, «gaur egun dozena bat izanen gara» eta aitortu dute jende berria sartzea zaila dela: «gure adinean, lehenbizikoz jendea ez da ateratzen hasten. Gustatu behar da eta mundu guztiari ez zaio giro hori gustatzen». Argi dago beraiek baietz, badirela ihautezaleak: «gainerakoan ez ginen hainbeste urtean atera izanen». Ez dute  aurtengorako prestatu dutenari buruzko pistarik eman: «zer izanen den jakin nahi duenak ilbeltzaren 25ean Leitzako kale nagusira etorri beharko du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun