Ttipi Txartela

«Nire dendak herritarrei esker bizirauten du»

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 24a

Bi pauso Leitzako oinetako denda «herriko denda klasiko horietakoa» dela azaldu digu Maria Zabaletak. Batez ere, emakumezkoendako oinetakoak saltzen dituztela esplikatu du. Horrez gain, gizonezkoendako eta haurrendako oinetakoak ere badituzte eta emakumezkoendako arropak, gerrikoak eta motxilak bezalako osagarriak... ere bai. 

Duela 9 urte ireki zuen negozioa Zabaletak eta ordutik «etxekotasun goxo hori» bermatzea izan da beretzat faktore espezialena: «Herritarrekin lortu dudan hurbiltasun eta konfiantza hori gustatzen zait; oinetako pare bat etxera probatzera eraman nahi dutela? Ba eraman dezatela!».

Azkenik, Zabaletak Bi pauso oinetako denda «bertako herritarrei esker bizirik mantentzen» duela azpimarratu nahi izan du irribarre zabalarekin. Baina, aurpegiaren bertze aldea begiratuta ere, Zabaletak kontatu du herritarrek askotan oinetako denda bat herrian bertan edukitzea eskertzen dutela. «Batez ere adin gehiagoko jendeak eskertzen du Bi pauso etxetik hurbil edukitzea, horiek ezin baitira hain erraz hirietara erostera joan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun