Sortzez tolosarra da Manu Leunda Dolado, baina azken hamabost urteotan Leitza du bizileku, eta lana ere Leitzan du, Arro baserrian. Urte luzez, ordea, oso bestelako lanean ibilia da: gizarte langile.
Gizarte langile izateko ikasketak egin zituen, eta «segituan» hasi zen horretan lanean: «Hasieran, Osasunbideko ordezkapenak egin nituen, eta azkenean, erdi publikoa den Donostiako zahar etxe batean lanpostua lortu nuen». Kontatu duenez, «gustukoa» zuen lana: «gizarte langile bezala, eta gainera nire espezialitatean –adinekoekin– lan egiteko aukera izatea ez da oso ohikoa. Zahar etxea izanagatik, kolektibo bereziarekin aritzen nintzen: arazo ekonomikoengatik 65 urtetik aurrera etxebizitza bati aurre egiteko zailtasunak zituztenekin, bakarrik sentitzen zirenekin, buruko gaitzak eta droga arazoak zituztenekin...». Gizarte langile funtzioaz aparte, «lantaldearen koordinazioaz» arduratzen zen, baita «familiekin eta administrazioarekin harremanak» izateaz ere. «Lan interesgarria zen, nire garapen profesionalerako aukera polita, baina aldi berean, dedikazio fisiko, emozional eta psikiko oso handia eskatzen zituena».
Gizarte langile izatetik baserriko lanetara
Azkenean, lanez aldatzeko beharra sentitu zuen: «batetik, desgasteagatik; bestetik, alaba jaio eta maila pertsonalean nire bizitza aldatu zelako; eta horrez gain, beti izan dudalako aziendetarako grina, eta Donostian hainbeste ordu pasatzeak beste arloetan gabeziak sortzen zizkidalako». Pandemiak eman omen zion aldaketarako behar zuen bultzada: «Pandemiak mesede egin zidan, hondoa jotzeko balio izan zidan, eta hortik aurrera nire ibilbide profesionala eta pertsonala eta gainontzeko guztia zalantzan jarri nuen. Nahiz eta nire lana asko gustatu eta lankideekin oso ongi moldatu, barrenean zerbaitek krak egin zidan, eta krakateko horren harira etorri zen lanbide aldaketa». Esplikatu duenez, «50 urte nituen eta egonkortasun ekonomiko bati uko egitea eta abenturari ekitea zailagoa da, are gehiago familia proiektu bat duzunean». Hala ere, «etxekoen aldetik oso babestua sentitu nintzen eta bertigoa izanagatik, haiei esker pausoa eman nuen».
Zahar etxea utzita, baratzean hasi zen lehenbizi, «baldintza prekarioetan». Handik gutxira Arro baserrian, Saralegi Taloak-en aritzeko gonbita hartu zuen. Gaur egun, «morroi aritzen naiz, eta oso lan fisikoa bada ere, oso gustura nago». Aldaketarako beharrak eta etxekoen babesa sentituta egin zuen salto, eta halakoetan, «benetan merezi» duela uste du: «Barrenak aldaketa eskatzen badu, egin kasu barrenari». Hortik aurrera, «momentuan momentukoa bizi» du. «Profesionalki ibilbide luzea dut gizarte zerbitzuetan eta ate hori ez dut itxia. Baina oraintxe bertan oso pozik nago, eta konturatu naiz etorkizunari gehiegi begiratzea ez duela merezi».