BBB edo BUP eta UBI edo COU egindakoan, ikasketak alde batera uztea erabaki zuen Mari Albistur Huizi goizuetarrak, eta handik «hiru-lau hilabetetara lanean» hasi zen. Besteak beste, Hernaniko fabrika batean «hamahiru urte» aritutakoa da, eta aitortu duenez, «gustura» ibili zen: «Beste gauza askoren artean, ogia, opilak, tartak, errege opilak... egiten genituen eta eskulan hori gustukoa nuen».
Duela sei urte, ordea, lana utzi zuen: «Familia osatzeko erabakia hartu genuen eta haurdunaldiko bajak, amatasun bajak eta zaintzarako eskatu nituen eszedentziak bukatu zitzaizkidanean, lana uztea erabaki nuen». Arrazoia argia izan zen: «Ordu asko ziren etxetik kanpo egoteko eta nik ahal nuen denbora gehien pasatu nahi nuen nire alabekin». Eta halaxe egin zuen. Erabakia hartzea zaila izan ote zen galdetuta, «bai eta ez» erantzun du. Buruari «buelta asko» eman zizkiola ere gaineratu du: «Alde batetik, fabrikakoa gustuko lana izateaz aparte, lana uzteak beldur pixka bat ematen zidan, ez bainekien noiz topatuko nuen beste lanen bat eta zer lan izanen zen. Baina beste aldetik, argi nuen nik egon nahi nuela nire alabekin eta ez beste pertsona bat hartu alaben zaintza lanetarako».
Etxetik urrutira joan gabe bilatu zien bere kezkei soluzioa, eta gaur egun Goizuetan bertan, «herriko denda batean egiten dut lan». Gainera, «ez naiz damutu lana aldatu izanaz. Momentuz ez». Bi lanbideen abantailak eta desabantailak ere mahai gainean paratu ditu goizuetarrak, eta «oraingo lanari abantailak bakarrik» ikusten dizkio: «Oinez etxetik bost minutura dut, ordutegi ona eta lana bera ere gustatzen zait. Suertekoa sentitzen naiz». Fabrikako lanaren abantailak ere aipatu ditu: «Lana gustukoa nuen, lankideekin harreman ona nuen...». Baina dendako lanak ez bezala, desabantailak ere baditu bere hitzetan: «Ordutegia, kotxea hartu beharra batez ere eguraldi txarrarekin...». Bi aukerak balantzan paratuta, garbi du etorkizunean non segitu nahi duen: «Espero dut jendeak herrian kontsumitzen segitzea eta dendan urte askotarako lana izatea», kontatu du irri artean.
Ateak itxi beste batzuk irekitzeko
Albisturren azken mezua lanez aldatzeko beldur diren horientzat izan da: «Egoera guztiak diferenteak izanen dira, eta normala da beldur pixka bat sentitzea, baina nik animatzeko esanen nieke. Norbait lanez aldatzea pentsatzen ari bada, zerbaitegatik izanen da, seguruenik ez dagoelako oso gustura dagoen moduan edo aldatuta hobeto egonen dela pentsatzen duelako». Bere ustez, horrek «aldatzeko momentua ailegatu dela» esan nahi du: «Bizitza honetan batzuetan ateak itxi egiten dira eta beste batzuetan guk itxi behar izaten ditugu beste ate batzuk irekitzeko».