Zer moduzko esperientzia izan zen Unibertsitatera Sartzeko Proba?
Maddi Zugarramurdi: Dudarik gabe, egun gogorrak izan ziren, batez ere lehenbizikoa, dena berria baitzen. Aurreko egunetan lo gutxi eginda ailegatu nintzen eta horrek eta nerbioek azterketetan eragina izan zutela argi gelditu zen. Halere, orokorrean, gustura gelditu nintzen egindakoarekin.
Oier Aranburu: Esperientzia gogorra izan zen, presio eta urduritasun asko genuen eta. Gainera, urduritasunagatik eta presioagatik azterketak ez zitzaizkidan nik nahi nuen moduan atera.
Elorri Zelaia: Esperotakoa baino askoz lasaiagoa izan zen. Nik ez nuen presiorik nota ona lortzeko eta nire ustez, horrek asko aldatzen du bakoitzaren esperientzia. Gorabeherak izan nituen azterketaren batekin, baina orokorrean ongi joan zitzaidan. Eredu berria zela eta, beldur dezente sartu ziguten, baina humanitatekoan behintzat, ez genuen ezer berririk ikusi eta kurtsoan landutakoa atera zen. Okerrenak, zalantzarik gabe, lehenengo eguneko nerbioak izan ziren, baina azterketa emandakoan, idazten hasi behar duzu eta segituan bukatzen dira urduritasunak.
Zenbat azterketa egin zenituzten?
Maddi Zugarramurdi: Batxilergoan Osasun Zientziak egin nituenez, fase orokorrean, bost azterketa hauek egin nituen: Gaztelania eta Literatura, Ingelesa, Filosofiaren Historia, Euskara eta Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika. Fase espezifikoan, berriz, Kimikako eta Biologiako azterketak eduki nituen. Guztira zazpi izan ziren, hiru egunetan banatuta.
Oier Aranburu: Nik sei egin nituen: Gaztelania eta Literatura, Ingelesa, Filosofiaren Historia, Euskara, Matematika eta Geografia.
Elorri Zelaia: Ni zazpi azterketetara aurkeztu nintzen. Berez, zortzi hartu nituen, ez nengoelako oso ziur, baina azkenean, Artearen Historiara ez nintzen aurkeztu. Derrigorrezko bostak (Gaztelania, Ingelesa, Euskara eta nire kasuan, Latina eta Filosofia) eta bi hautazko (Espainiako Historia eta Greziera) egin nituen. Azterketak ez ziren zailak izan. Ohartu naiz beldurra presioarengatik zela eta momentuan ez duzulako zeure burua gai ikusten egin dezakezun azterketarik onena egiteko, eta egun txar bat izatea erraza da. Berriena Gaztelaniakoa izan zen. Institutuan, hilabete batez ez genuen Gaztelaniako irakaslerik eduki, eta agian horregatik, ez geunden oso prestatuak, baina ez zen konplikazio handiko ezer agertu. Azkenik, animoen inguruan, esan bezala, okerrena lehenbiziko eguna izan zen, baina gero segituan presioa jaisten joan zen. Ematen du dena azterketa horretara mugatzen dela, baina saiatu behar dugu perspektibarekin ikusten, eta argi edukitzen mundua ez dela bukatzen azterketa bat gaizki ateraz gero.
Nolako ikasturtea izan da?
Maddi Zugarramurdi: Gogorra baino gehiago oso estresagarria izan da, materia piloa eta denbora gutxi eduki baitugu. Azterketa asteak kenduta, ikaragarri ongi pasatu dudala esan beharra dago, bai ikaskideekin, baita irakasleekin ere.
Oier Aranburu: Oso ikasturte atsegina izan da. Azterketa asteak kenduta, lasaitasun osoarekin eta oso gustura aritu naiz ikasturtean eta ez zait batere gogorra egin.
Elorri Zelaia: Nahiko ikasturte gogorra izan da eta, nahiz eta gehienetan kontrakoa esaten dudan, oso luzea egin zait. Materiaren aldetik, aldaketa handiko urtea egin zait. DBH 4tik Batxiler 1era baino salto handiagoa dago Batxiler 1etik 2ra. Selektibitatearen mamua urte osoan buruan izateak presioa ikaragarri handitzen du eta askotan zeure burua zenbaki batera mugatzen duzu. Horrez gain, beste urteekin alderatuta, lagunekin arratsaldetan askoz gutxiago atera naiz aurten. Berez, badago denbora, baina ikasten egon beharko nukeela pentsatzeak gogoa kentzen dizu. Baina, urte bat da, gogorra da gehienbat ez baduzu dena eguneratua eramaten eta ez bazaude ikastera ohitua, baina pasatzen da. Denak bezala alde onak ditu eta oso momentu onak bizi izan ditut aurten. Klaseetan, gehienetan, giro polita izan dugu eta irakasleekin zorte handia izan dugu, gehienak oso jatorrak izan direlako eta hor egon direlako beti laguntzeko.
Zer ikasteko asmoa duzue?
Maddi Zugarramurdi: Medikuntza ikasi nahiko nuke, berdin zait non.
Oier Aranburu: Irakasle ikasketak ikasi nahi nituzke Iruñean, Haur Hezkuntza, zehazki.
Elorri Zelaia: Egia esan ez daukat oso argi zer ikasi nahi dudan. Humanitateko ibilbidea jorratu dut, hau da, Latina, Greziera eta Artearen Historia, eta ez dut filologia bat egiteko asmorik. Beraz, nahiko aukera mugatuak ditut. Argi dut Donostian, EHUn, ikasi nahi dudala, euskaraz jarraitzeko. Aukeren artean Zuzenbidea, Filosofia eta Gizarte Hezkuntza ditut.