Denaren gainetik «Unibertsitatera Sartzeko Probaren kontrakoa» dela azpimarratu nahi izan du Illarramendik eta «ikasle guziek nahi luketena ikasteko eskubidea izatea» aldarrikatu du. «Hor beste arazo bat sartzen da tartean, ez dute dirua bideratzen Hezkuntzara. Unibertsitateetako plazak mugatzen dituzte irakasleak ez jartzeko, garestia omen delako. Baina gero, dirua beste toki batzuetan gastatzen dute: gastu militarrean, gerretan, obra faraonikoetan, abiadura handiko trenean...». Ez da hori bakarrik: «Ikasleen artean desoreka sortzen dute».
«Iaztik bagenekien aldatuko zutela, baina ikasturtea hasi arte ez zuten bilera deialdirik egin»
Aurtengo ereduaren inguruan, berriz, «ezjakintasuna» sentitu du Leitzako Amazabal institutuko irakasleak: «Iaztik bagenekien aldatuko zutela, baina ikasturtea hasi arte ez zuten bilera deialdirik egin. Urrian bildu ginen eta gutxi gorabehera orduan zehaztu genuen azterketa. Halere, unibertsitateko kontseiluak gerora onartu zuen».
2013-2014. ikasturtetik Amazabal institutuan Biologiako irakaslea da. Lehenagotik ere aritua da Leitzan eta konpetentzien inguruko galderak egitearen «aldekoa» da: «Beti saiatu naiz ikasleek buruz bakarrik ikasi beharrean, ulertu zezaten». Baina hori ez da dena: «Posible banu, gaitasunak edo konpetentziak lantzeko ariketa gehiago eginen nituzke, baina ez dugu denborarik. Aurten konpetentzietan oinarritutako ariketak sartu dituzte, baina gaitegia berdin mantendu dute». Biologian gaitegia «izugarria» dela dio; «hamasei gai dira eta lau edo gehienez zortzi egunean behin gaia aldatu» behar izaten dute, «klasean minutu bat ere galdu gabe». Eta ereduen faltan, «beste urteetako probei, beste tokietako ereduei, Interneten...» begira ibili behar izan du. «Gaitegia murriztuko balute, gaitasunak beste modu batera landuko genituzke».
Bigarren Batxilergoa «oso urte gogorra» dela ere aipatu du: «Unibertsitaterako behar duten notaren arabera gehiago edo gutxiago, baina irakasleon aldetik eskaera maila handia da. Ez dugu dena emateko denborarik eta asko eskatzen diegu». Halere, bere mezua garbia da: «unibertsitateko ikasketak edo Goi Mailako Zikloa egiteko asmoa izan, Unibertsitatera Sartzeko Proba egitea; ikasturtea osoa ikasten pasatu ondotik, ikasitakoa buruan orain fresko dute, ez hemendik bi urtera».