Euskal Herria Mendi Erronkaren sekretu gehienak ongi ezagutzen ditu Juan Mari Ugartemendiak. 2013an egin zen aurreneko edizioa eta ordutik seinalatutako eguna da beretzat. Lasterketan parte hartu du hainbat ediziotan eta 2017az geroztik dortsala peto horiarekin ordezkatu eta boluntario lanetan ari da.
Mendian lasterka aritzeko ohitura bazuen Ugartemendiak eta Leitzan halako lasterketa bat egin behar zutela jakin zuenean izena ematea erabaki zuen: «lehenbiziko edizioan parte hartu nuen baita 2014 eta 2016 urteetan ere». Lasterketen mundua ez zen ezezaguna beretzat: «motzagoetan ohituta nengoen, Zegama-Aizkorri zen ordura arte egina nuen luzeena. Banekien erronka handia zela, baina gero lasterketan bertan zegoen giroa pizgarri bat izan zen. Jende ezaguna egoten da buelta guztian animatzen eta hori oso berezia da». Euskal Herria Mendi Erronkak duen izaera herrikoia ere nabarmendu du: «Zegama-Aizkorri batean nazioarteko lasterkariak aritzen dira. Hemen, gehienok ezagunak gara. Punta-puntan dabiltzan korrikalariak ateratzen dira, baina horien aldamenean gure herriko edo inguruko beste hainbeste ezagun joaten dira».
2017az geroztik boluntario
2017an lasterkarien taldetik boluntarioen taldera pasa zen eta aldaketa xamurragoa izan zedin, eskoba lanetan ibili zen hainbat urtez. Lasterketako lehenbiziko zatia egiten zuen: «plazatik atera Guratzera eta Santa Barbarara igo eta Gorritira arteko bidea. Lasterketako txirrinta hori nolabait asetzeko modua ere bazen neure buruari aurten honaino ere ongi ailegatu naiz esatea». Eskoba lanetan aritzea berezia dela dio: «ikusten duzulako azkena doan korrikalari hori bere buruarekin borrokan nola doan». Tartean, anekdotak ere izaten dira: «gogoan dut urte batean irteerako momentuan plazan izugarrizko euri jasa zela eta bikote bat dudan egon zela atera edo ez. Denek alde egin eta bi minutura erabaki zuten lasterketan parte hartzea. Hantxe atera ginen, haiek aurretik eta eskobak atzetik».
Eguraldia da antolatzaileen esku ez dagoen gauza bakarrenetakoa eta lasterketan eragin zuzena du: «hemengo udaberria horrelakoa izaten da: hezetasuna, bero errea... gorputzak ez du behar bezala aklimatatzeko aukerarik izaten». Gainera, hainbeste orduko lasterketa denez denetarik izaten da: «goizean lainopean atera, eguerdian Lekunberrin eguzkitan bero, gero ekaitza lehertu... erronkaren parte da hori ere».
67 kilometroko ibilbidea osatu behar dute lasterkariek, batzuk bakarka eta besteek erreleboka. Hainbeste kilometroko ibilbidean denetarik gerta liteke: «eta buruak ere lan handia egiten du». Hala, Euskal Herria Mendi Erronkak badu bere koxka: «berez erretiratzeko erraza da badaudelako erreferentziazkoak diren puntu batzuk: San Migel, Lekunberri... baina gero ez da hain erraza izaten erabaki hori hartzea». Puntu horietan ez da ikuslerik falta izaten: «beti jende ezaguna egoten da hor animoak ematen eta tira egiten duzu aurrera. Jasotako babes horrek aurrera segitzeko indarra ematen dizu». Albi, Gaintza eta Lekunberri izaten dira jende gehien biltzen diren tokiak, baina ez bakarrak: «lasterkarien zuzeneko jarraipena egin eta bidean beraiekin batera joan zaitezke».
600 parte hartzaile ditu aurtengo lasterketak eta 67 kilometroko ibilbidea osatzeko ezinbestekoa da boluntarioen lana: «leitzarrek bakarrik ez, bailarako herritarrek egiten duten lana goraipatzekoa da. 400 boluntario elkartzen gara».
Bada, lasterkari, ikusle zein boluntarioentzat berezia izaten den momentu bat: «Peritzako estratan gora lasterkariak helmugarako bidean doazen unea». Ugartemendia bera hunkitu egiten da horri buruz hitz egiten hasten denean: «momentu hori bizi egin behar da ulertzeko. Idiazabalgo kontrola pasa eta hor berdin du indarrik gabe bazaude ere. Musika eta hotsak entzuten hasten zara eta bukaera hor dagoela sentitzen duzu». Ikusle eta boluntarioentzat ere «berezia da hor sortzen den giroa». Ezohikoa den kontu bat ere gertatzen da helmugan: «azkeneko lasterkariei gehiago animatzen zaie aurrenekoei baino. Ikusle asko mendian daude aurrenekoak helmugara ailegatzen direnean». Iluntze partean denak elkartzen dira plaza inguruan: «sari banaketa hasia denean jendea helmugara ailegatzen ari da oraindik».
Helmugara ailegatu aurretik, 67 kilometroko bidea osatu beharko dute. Batzuk txalo artean eginen dute aurrera eta besteek itzalean. Bi erronka biltzen ditu hitzorduak: lasterkariena eta auzolanarena.