Ekainaren 7an eginen dute Euskal Herria Mendi Erronkaren XI. edizioa

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 3a, 11:00

600 lasterkarik parte hartuko dute hamaikagarren edizioan.

Ekaineko lehenbiziko larunbatean, 08:00etan, urteroko argazkia errepikatuko da Leitzako plazan. Lasterkariak zein ikusleak irteera noiz eman zain izanen dira erronkari hasiera emateko. 67 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, bakarka edo erreleboka.

Lasterketa herriko plazan hasi eta bukatuko da, Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberritik pasatu ondoren. 08:00etan hasiko da, baina hori baino lehen dortsalak banatuko dituzte: ostiralean, ekainaren 6an, 17:30etik 20:00etara eta lasterketa egunean, 06:00etatik 07:15era. 07:30etik 07:55era korralitoa izanen da eta 07:45ean omenaldia. 

Gure zirkuari omenaldia

Urtero bezala, hitzordua baliatuko dute talde, eragile edo norbanako bat omentzeko. Aurtengo omendua Gure Zirkua izanen da. Proiektu ezberdinak izanik ere bat egiten dutelako defendatzen dituzten balioetan: «euskara, lurraldetasuna, auzolana eta kirola. Sinetsita gaude txikitik eraginez amets handiak gauza litezkeela». Balioan jarri nahi izan dute egiten duten lana: «eredugarria eta ikusgarria da euskaratik eta euskaraz denon gorputzak inarrosteko erakusten duen gaitasuna. Euskaratik eta euskaraz, baina hizkuntza unibertsala tresna gisa baliatuz: emozioa, ikusmina eta umorea».

Bakarka edo erreleboka

67 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek. Batzuk bakarka beteko dute erronka eta besteek, binaka. Kasu horretan, lehenbiziko lasterkariak Leitzatik Putzuzarreraino egin beharko du (32,8 km eta 4.700 metroko desnibela), eta bigarrenak Putzuzarretik Leitzarainoko zatia (34,2 km eta 2.194 metroko desnibela). Ibilbideko punturik altuena Irumugarrieta izanen da (1.431 m).

Lasterketa ikusteko lekuak

Euskal Herria Mendi Erronka ikusi nahi duenak hainbat aukera izanen ditu. Leitzan irteeran eta helmugan; Gorritin (aurrenekoa 08:45 aldera); Arriben (09:15), Gaintzan (09:30), Albin (11:00), Putzuzarren (11:30), Lekunberrin (12:30) edota Berueten, Iontzan (13:45). Gainera, lasterkarien zuzeneko jarraipena egiteko aukera ere eskainiko dute. Lehenbiziko lasterkaria 14:00 aldera espero dute, 20:00etan sari banaketa eta 21:00etan lasterketa itxiko da.

I. Argazki lehiaketa

Lasterketako ikusleei ere erronka luzatu nahi izan diete aurten eta EH Mendi Erronkaren I. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Edozein argazkizalek aurkez ditzake lanak, parte hartzaile bakoitzeko lau argazki gehienez. 2025eko edizioan ateratako argazkiak behar dute izan eta ur-markarik eta sinadurarik gabeak. Emozioak, auzolana, ibilbidea, objektuak, aldarrikapenak dira argazkietan agertu behar duten gaiak. Ekainaren 15era aurkez daitezke lanak ehmeargazkiak@gmail.com -era bidalita jpg edo png formatuetan. Argazkiak izendatzeko: Izena_Abizena_zenbakia jarri behar da. Irabazleak 200 euro, bigarrenak 100 euro eta hirugarrenak 50 euro eskuratuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun