Euskaraldia

«Garai batean senideen artean kasik erabat erabiltzen zen hika»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 18a, 11:00

Pakitak Euskaraldiaren Leitzako aukezpenean parte hartu zuen Euskaraldia Hikaren ordezkari gisa.

Gazte-gaztetatik ikasi zuen hiketan Pakita Zestau Iturrarte leitzarrak eta gaur egun, oraindik, toka zein noka hitz egiteko gai da. Hizketa «garbia eta polita» dela dio eta «hizlarien arteko konfiantzaren erakuslea».

Maiatzaren 15etik 25era da Euskaraldia eta hamaika egunez euskara lehenesteko ariketari, beste erronka bat gehitu diote aurten: hika erabili eta ikusgarri egitea. Horretarako, ZirHika taldearekin batera, Euskaraldia Hika antolatu dute. Ahobizi eta Belarriprest txapei H bat gehituta, beraiekin toka edo noka hitz egin daitekeela adierazi dute hainbat herritarrek. Arantzan, Beran, Etxalarren, Lesakan, Goizuetan eta Leitzan  ari dira ariketa egiten.  

Euskaraldia Hikaren Leitzaldeko ordezkaria da Pakita Zestau Iturrarte. 1945eko urriaren 3an Leitzako Gorriztaran auzoko Aztieta baserrian jaio eta auzo bereko Tardoa baserrian bizi da. Gazte-gaztetatik ikasi zuen hiketan eta gaur egun oraindik toka zein noka hitz egiteko gai da: «guk txikitan senideekin egiten genuen hiketan eta larrixeago egin ginenean oso konfiantza handiko jendearekin ere bai». Herrian ere, asko erabiltzen omen zen: «garai batean senideen artean kasik erabat erabiltzen zen. Ez zen baserrietako kontua, denean erabiltzen genuen». 

Hika gertukoekin

Denean bai, baina ez edozeinekin: «harreman hurbila, gertukoa behar zen hiketan aritzeko. Konfiantzaren erakuslea zen. Horregatik hiketan aritzeko anaia, ahizpa edo lagun ona behar zuen izan». Oso argi du norekin eta nola hitz egin behar zen: «nik ezin nion aita edo ama zenari, izebari... hika egin. Arau batzuk argi zeuden. Berorreka hitz egitea bezala. Apaiza etortzen bazen esan behar zitzaion sar bedi, eseri bedi... baina hori hemen ez da asko erabili apaizak baserrietara ez zirelako askorik etortzen».

«Hika hizketa garbia, polita, aberatsa eta oso gertukoa da»

Pakita ZESTAU ITURRARTE, leitzarra

Haurra zela ikasitako arauak, ongi barneratuta ditu: «badakit toka edo noka ez desagertzeko beharrezkoa dela erabiltzea, baina niretzat ez da naturala ezagutzen ez nauen norbait nigana etorri eta hiketan hastea». Horregatik, toka eta noka jakin bai, baina askorik ez duela erabiltzen azaldu du: «gertukoak ziren horiek falta dira eta etxeetan oso jende gutxi gaude. Zeinekin hitz egin behar dut orain!». Senarra eta koinata izan ditu orduan gogoan: «nire senarra zena joaten zitzaionean bisitatzera arrebari, pozik egoten omen zen hika hitz egiten zutelako. Halaxe esaten omen zion: 'ze pozik nagoen, oraindik senide bat bizi da eta hitz egin dezaket hika'». Aitortza txiki bat ere egin du: «semeek amorrarazten nautenetan orduan ateratzen zait hika. Haserretzen zarenean, hika ere zakarragoa da».

Etorkizuna

Euskarak duen adierazpide berezi bat, hizkuntzaren kolore berezi bat da hika: «garbia, polita, aberatsa eta oso gertukoa. Guk asko erabiltzen genuen, baina orain jendeak ez daki». Kezkatuta gaineratu du: «orain euskaraz juxtu juxtuan 100 hitz ikasten badituzte askok uste dute nahikoa dela, baina euskara oso zabala da. Euskaraz ez da neskato polita, agur eta gero arte. Euskara askoz gehiago da».

Euskararen etorkizunak ere kezka eragiten dio: «euskara asko zabaldu da, baina bidean asko galdu dela uste dut. Umeak eskolan euskaraz aritzen dira, baina atarian erderaz. Etxean bertan ere nabari dut, nire semeek ez dakizkite garai bateko esaera edo hitz askoren esanahiak». Ahozko tradizioaren galera ere gertatu da: «Santa Agedan, adibidez, kanta bakarra kantatzen dute, errazena. Abudo bukatu, dirua hartu eta martxa! Nik ume horien edaderako kanta asko ikasiak nituen euskaraz». 

Argi dio: «euskaraz, ongi eta lasaiatasunez erakutsi behar da. Euskara oso zabala da. Desberdina da beste hizkuntzengandik eta euskara irakasten ari diren asko ez dut uste oso ongi prestatuta daudenik. Arauak eta bestelakoak zorrotz erakusten dituzte, baina badira beraiek ere ez dakizkiten gauza asko». 

Ilunetan, ordea, badira argiak eta horren adibide da Leitzan hiketan aritzeko hilabetero egiten dituzten hitzorduak, baita Euskaraldia Hika bera ere: «ez da erraza, baina ea berriz ere ohitura hartzen den». Ez dakienak ikasi eta dakienak erabili, horixe da gakoa: «pena litzateke gurea den altxor bat erabiltzen ez delako desagertzea». Izan ere, «ikasia ez dun/duk jaiotzen. Saia behinik behin!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun