Otsailaren 19an hasita, zazpi egunez, zazpi mobilizazio iragarriak dituzte Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek. Zehazki, eskualdeka antolatuta, bi orduko lanuzteak egiten ari dira. Baztan-Bidasoaldekoa izan zen lehenbizikoa otsailaren 19an, eta bihar, martxoaren 12an, Leitzaldeko eta Urumealdeko irakasleei egin diete mobilizazioarekin bat egin eta 09:00etatik 11:00etara lanuztea egiteko deia.
Gaia hizpide hartuta, atzo Goizuetako eskolako irakasleekin asanblada egin zuten sindikatuetako ordezkariek eta Leitzan bihar eginen dute, 09:30ean Amazabal institutuan. Elkarretaratzea, berriz, lehenagotik izanen dute: 09:15ean Amazabal institutuko atarian.
Biharko lanuzteak eskualdean Areso, Goizueta eta Leitzako ikastetxeei eraginen die. Baina horiez gain, Larraungo eta Sakanako ikastetxeetan ere mobilizazio eguna izanen da.
Zazpi egunez, zazpi mobilizazio:
- Otsailaren 19an Baztan-Bidasoan
- Otsailaren 26an Lizarraldean
- Martxoaren 12an Sakana-Larraun-Leitzaldean
- Martxoaren 19an Zangoza aldean eta Pirinioetan
- Martxoaren 26an Erriberan
- Apirilaren 2an Tafalla aldean
- Apirilaren 9an Iruñerrian