Inauteak 2025

«Urtetik urtera indar gehiago hartzen ari dira Goizuetako inauteak»

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 28a, 13:00

Mari Karmen ETXEBERRIA ELIZALDE, Goizuetako inautezalea

«Berritsua, alaia, parrandazalea eta lagunartekoa». Lau hitz horiexekin deskribatu du bere burua Mari Karmen Etxeberria Elizalde goizuetarrak.

«Ume-umetatik» berritsua dela dio; «eskolan andereñoak berritsu izengoitia paratu zidan, isiltzen ez nintzelako». Alaia dela frogatzeko nahikoa izan da elkarrizketak iraun duen denbora. Eta parrandazalea  eta lagunartekoa dela erakusten duten seinaleak berak eman ditu: «Beti gustatu izan zait parranda, eta 68 urterekin, oraindik ere gure pintxo-poteak, afariak eta parranda bat edo beste egiten saiatzen gara lagunartean». Eta parrandaren aitzakian, dantzatzea ere gustuko du: «Behin Doneztebeko Enplegu Zerbitzura joan eta zer lan egin nahiko genukeen galdetu ziguten. Batek dendaria izan nahi zuela erantzun zion, eta nik, berriz, dantzaria esan nion. Denak barrez hasi ziren, baina niri hori gustatzen zait». Hori eta «lagunekin egotea», dio. 

Gainerakoan, «enkarguak eginez, lagunen batekin kafetxo edo pintxo bat hartuz, etxeko lanak eginez, telebista pixka bat ikusiz…» pasatzen du eguna. «Paseorako afiziorik ez dut. Desafioak bai, baina mugitu gutxi», kontatu du umorez. Baina Donostiara bilobak ikustera joateko aitzakia gutxi behar izaten omen du: «Alaba Donostian bizi da eta astean bitan edo horrela joaten naiz, bilobekin oso ongi pasatzen dut». 

Inauteak sakratuak

Herriko inauteetan, ordea, ez da Donostia aldean ibiliko. Egun seinalatuak baitira, eta batez ere, «inauteetako asteartea». Horixe du egunik kuttunena: «Lagunartean mozorrotzen gara eta egun ederra izaten da. Urte batzuez astelehenetan ere atera izan naiz, baina orain, 68 urterekin, egun bakarra nahikoa dut. Bilobak baditut eta alabari laguntzea ere gustatzen zait». 

18 bat urterekin hasi omen zen lehenbizikoz mozorrotzen, «nire aldetik. Ni gaztea nintzela, ez zen mozorrotzeko ohitura haundirik izaten. Banakako batzuk etxeko trapu zaharrekin egiten ziren». Eta halaxe hasi zen bera ere, etxean berak moldatutako mozorroekin. «Urte batean aurpegia beltzez pintatu eta etxean egindako flekodun gona batekin atera nintzen, eta beste batean ijitoz puntilla saltzen. Aurreko urteetan emakume bat saski batekin puntillak saltzen ikusia nuen, eta hura bezala mozorrotzea pentsatu nuen. Asko ez dira gogoratuko, baina beste batzuek ez dute ahaztua. Gogoan dut askok ez nindutela ezagutu». Eta halaxe, berak dioenez, «pailazokeriak eginez, gustura inauteetan. Antzerkia egitea betitik gustatu izan zait». 

«Pailazokeriak eginez, gustura ibiltzen naiz inauteetan»

Duela 30 bat urte, berriz, kuadrillan mozorrotzen hasi zen eta bide beretik segitzen dute: «Gai bat aukeratu eta gai horri tokatzen zaion mozorroarekin janzten gara», esplikatu du. «Errege ondoren afari bat egiten dugu mozorroa erabakitzeko». Eta irudimenari tartea eginez, urteotan denetariko jantziekin atera izan dira: «Maria Jesus eta bere akordeoia, sardina saltzaileak, tiroldarrak, kolonbiarrak, sorginak, rockeroak…». Zerrenda luzea da, eta gainera, «urtetik urtera hobetzen ari gara». Kontatu duenez, «lehen inauteetako mozorroak prestatzen ere asko disfrutatzen genuen: telak erosi, batek moztu, besteak josi, besteak makinarekin pasatu… Lagun baten txokoan elkartzen ginen eta ederki pasatzen genuen. Azken bizpahiru urteotan erosi egin dugu». 

Sorpresa

Aurtengo mozorroa ere prest dute. Zer izanen den, ordea, ezin jakin, galdetu arren: «Hori sorpresa da. Jendea jakiteko esperoan egoten da, baina eguna ailegatu arte ez dugu esaten, sekretua da. Nire senarrari ere ez diot esan!». Gauza bakarra baino ez du aitortu: «Aurten 20 bat emakume aterako gara». Eta azken urteotako ohiturari eutsiz, eguerdian eginen dute hitzordua: «Lehen karrozak eta mozorroak iluntzean ateratzen ginen, baina azken urteotan eguerdian eta horrekin asko irabazi du inauteetako astearteak, bai guretzat, bai mozorroak ikustera etortzen direnentzat. Herria asko alaitzen du». 

«Eguna ailegatu arte ez dugu esaten zer mozorro jantziko dugun. Hori sekretua da»

Inauteetako ilusioa eta ongi pasatzeko gogoa berarekin ditu Etxeberriak. Eta ez diote hutsik eginen aurten ere. Gainera, kontent da «inauteak urtetik urtera hobeak eta indar gehiago» hartzen ari direla baitio. Hala ere, eskatzen hasita, «eguraldi ona» eskatu du, eta bide batez, Mozorroei «herrira lehentxeago ailegatzeko» deia egin die: «Berandu xamar ailegatzen dira eta herrian esperoan gaudenok eskertuko genuke lehentxeago ailegatzea». Hortik aurrera herritarrentzako eta bisitarientzako bere mezua hauxe: «Disfrutatu!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun