Inauteak 2025

Goizuetako inauteriak igandean hasiko dira

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 28a, 12:00

Zahagi dantzak alaituko du giroa.

Gaztetxoen zahagi dantzarekin festari hasiera eman eta lau egunez izanen dute non gozatua goizuetarrek. Urtero bezala, ttiki zein helduek Zahagi dantza dantzatuko dute, mozorroak ibiliko dira etxez etxe eskean eta Herriko Etxeko aterpean musikarik ez da faltako.

Martxoak 2, Igandea

Dantzan edo dantzariei begira, halaxe hasiko dituzte Goizuetan inauteriak. Urtero bezala, gaztetxoen Zahagi dantzak emanen die hasiera inauteriei, 17:00etan. Ilunabarrean, 19:00 aldera, Malkogarriyak musika taldearen emanaldia izanen dute Herriko Etxeko aterpean eta 21:30ean Mozorroen afaria.

Martxoak 3, Astelehena

Goizean goiz, 08:00 aldera, mozorroak elkartu eta baserrietara abiatuko dira. Herrian, 10:00etan plaza apaintzeko hitzordua egin dute, aurtengo gaia baserria izanen da. Eguraldi txarra bada frontoian elkartuko dira. 11:30ean konpartsa aterako da eta herriko kaleetan ibiliko dira inauteri giroa zabaltzen. 13:o0etan umeen bazkaria izanen da eta ondoren umeentzat filma jarriko dute. 14:30ean helduen bazkaria izanen da. 17:00etan txokolate jana antolatu dute eta 17:30ean Mikeltxi DJ-arekin dantzaldia izango da Herriko Etxeko aterpean. Ilunabarrean, mozorroak etorriko dira dultzaineroekin. Eguneko azken ekitaldi ofizialak 22:00etan hasiko den mozorroen afaria izango da. Hortik aurrera, festak seguru izanen duela segida.

Martxoak 4, Asteartea

09:00etan mozorroen gosaria izanen dute. 10:00etan mozorroak elkartu eta herriko etxeetara joanen dira dantzan. 14:00etan mozorroen bazkaria izanen da. 17:00etan Zahagi dantza eginen dute herriko kaleetan. 22:00etan mozorroen afaria izanen dute.

Martxoak 8, igandea

Egun batzuetan indarrak zertxobait berreskuratuta, martxoaren 8an berriz ere festarako bilduko dira. 12:30ean poteoa eginen dute Igandea txarangarekin. 14:30ean mozorroen bazkaria izanen dute. 17:30ean Igandea txaranga herrian zehar ibiliko da. Gauean Oattolo eta Jussy DJ-ak ariko dira gaztetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun