Inauteak 2025

Aranoko inauteriak otsailaren 22an ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 19a, 20:00

Puxka biltzea eginen dute Zomorroek larunbatean.

Aranoko zomorroak prest daude otsailaren 22an herrian inauteri giroa zabaltzeko. Jantzi zuriak soinean, txapela gorriak buruan eta koloretako zintak zintzilik dituztela, festa giroan ibiliko dira egun osoan. 

Goizean puxka biltzea eginen dute Surotik abiatuta. Zomorroak Beltsoko Bordan 08:00etan egina dute hitzordua. Auzoz auzo, etxez etxeko bisita, Izer eta Alabierrek girotuta eginen dute. Hogei urte baino gehiago dira trikitilari gipuzkoarrak Zomorroen bidelagun direla eta aurtengoan ere ez dute hutsik eginen. Eguerdian herriko elkartean bazkaria izanen dute Zomorroek eta izena emateko Kontsejuan edo Whatsapp taldean dute aukera. Arratsaldean, urteroko Zahagi dantza dantzatuko dute eta baliteke sorpresaren bat izatea. Bikote harreman berezi bat irudikatzen du Aranoko Zahagi dantzak eta aurtengoan eolikoen gaia herriarentzat mehatxu bat dela ikusita, hori irudikatzeko proposamena egin diete gazteei. Inprobisaziotik asko izaten du arratsaldeko dantza saioak, beraz, eguna iristean ikusiko da Zahagi dantzak protestarako ere balioko duen. 

Afarirako izena ematea

Eguna bukatzeko, elkartean herri afaria antolatu dute. Afarirako aurten, lehenbizikoz, aldez aurretik izena eman beharko da Kontsejuan jarritako zerrendan edo Whatsapp bidez. Nortzuk ariko diren zehaztu ez diguten arren, afalondoan musikarik ez dela faltako aurreratu dute antolatzaileek eta seguru festa ordu txikiak arte luzatuko dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun