Urtarrilaren 31n, eguerdian, akelarrea egin zuten Nazabal eskolako sorgin txikiek. Abarkak oinetan, gona eta atorra soinean eta kapela buruan jantzita, dantzan ibili ziren herriko hainbat txokotan. Plazara iristean emanaldia eskaini zuten eta bukaeran, Zetak taldekoen bisita ere izan zuten gurasoen eskutik. Iluntzean, Lagunartekoak eskean ibili ziren herri inguruan eta nahikoa kontu, dantza eta kantu egin ondotik, elkartean afaldu zuten.
Otsailaren 1ean, larunbatean, izan zuten inauterietako egun handia aresoarrek. Gazteak bezperako festaren arrastoak oraindik ere gorputzean zituztela, behiez mozorrotu eta baserrietako eskea egiteko elkartu ziren goizean. Baserrietako erronda egin zuten, arratsaldeko seiak aldera herrira jaitsi eta traktore gaineko ikuiluan sartuta, beste herritarrekin batera kalejira egin zuten. Herritar ugarik bat egin zuten gazteekin kalejiran: Aresoko moda desfileko modeloek, diseinatzaileek eta ileapaintzaileek, Mitoaroan parte hartutako pertsonaiek… festa giroa zabaldu zuten herrian.
Guraso elkarteko kideek moda desfilea eskaini zuten segidan. Aurtengo moda joera berritzaileenak ikusteko aukera izan zuten ikusleek, zein baino zein proposamen xelebreagoak. Pintxo eta sagardo dastaketa izan zituzten gero eta elkarteko goiko soilarua bete zen herri afarian. Goizeko ordu txikiak arte luzatu zen festa.
Otsailaren 2an, igandean, ekitaldiak antolatzeko apustua egin zuten aurten Lagunartekoek eta erantzun polita izan zuten. Eguerdian ardo eta txakolin dastaketa eta pintxoak jarri zituzten, gero gazteek bazkaria egin zuten eta arratsaldean mus txapelketa. Museko irabazleak Soraya eta Mikel izan ziren.