Zentral eolikoak eskualdean

«Makroproiektu eolikoak geldiarazteko eta gure mendiak defendatzeko» deia egin du Urumeako Mendiak Bizirik taldeak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 28a, 12:30

Atzo Hernanin agerraldia egin zuen Urumeako Mendiak Bizirik taldeak.

Urumeako mendietan makroeolikorik ez! Mezu hori zuen pankartaren atzean, Urumeako Mendiak Bizirik taldeak aurkezpena egin zuen atzo Hernanin.

Urumea aldean egin nahi dituzten bi makroproiektu eolikoei kontra egiteko asmoz sortu dute taldea, «inguruko mendietan egin nahi dituzten makroproiektu eolikoen auzia aztertu eta zentzugabekeria hau geldiarazteko». Bi proiektuetako batek «Arano aerosorgailuz inguratua» utziko lukeela ohartarazi dute.

Bi proiektu

Bi dira inguru horretan egin nahi dituzten proiektuak. Alde batetik, Repsol multinazionalak Arano, Goizueta, Hernani, Berastegi, Elduaien, eta Ereñotzu inguruetako mendietan makroproiektu bat egin nahi du. Atzo jakinarazi zutenez, «herri hauek zuzenki kaltetuak izanen dira, baina sarbide eta ihesbideekin beste hainbat herritan ere izanen luke inpaktua». Proiektu handia da, 100 megawattekoa, eta 205 metroko altuera duten hamalau haize errota jarri nahi dituzte.

Beste proiektua Endesarena da, eta Hernani eta Pagoaga (Erenotzu) artean egin nahi dute. Horrek 33 megawatteko potentzia izanen luke.

«Trantsizio energetikoaren izenean», enpresek Euskal Herri osoan makroproiektuak ezartzen segitu nahi dutela salatu zuten atzo: «Inguru naturaletan, atzeraezinezko txikizioak eragin eta lur eremu publikoak erabiliz, multinazionalen kapital pribatua aberasten segitu nahi dute». Eta gehiago ere bai: «Europatik datozen funtsek bultzatutako proiektuak» direla gaineratu zuten. Horren aurrean, «lurraldea eta bertako aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen, eta behar energetikoei erantzunen dien aldaketa ekonomikoa eta soziala» aldarrikatu zuten: «Aurrez antropizatutako eremuak berrerabil daitezkeela uste dugu energia berriztagarria sortzeko gailuak jartzeko».

«Arano aerosorgailuz inguratua»

Urumeako Mendiak Bizirik taldearen hitzetan, egitasmo horiek «Urumeako bailarako mendien industrializazioa» eraginen lukete, «ingurune naturaletan eta giza ingurumenean kalte larriak eraginez». Besteak beste, «Arano aerosorgailu erraldoiez inguratuta» geldituko litzatekeela nabarmendu dute, «herriaren biziraupena arriskuan jarriz». Horrekin batera, Urumea bailarako mendialdea «Gipuzkoako Azpiegitura Berdea osatzeko lehentasunezko eremuetako bat eta Aiako Harria, Urumea eta Leitzarango naturguneak elkartzen dituen korridore ekologikoa» izanda, «hori eteteak landare eta animalia espezie askoren biziraupena arriskuan» jarriko lukeela diote. Urumea arroa eta bere ertzak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuak izanda, berriz, proiektuak «zuzenean eragiten lioke horien osasunari».

Lur mugimenduek «balio natural handia eta kalitatezko urak dituzten hainbat iturburu eta erreka kaltetuko» lituzketela ere ohartarazi dute, eta proiektuak «lur desjabetzeak eta basa lurren birkalifikatzea» ekarriko lituzkeela.

Konbentzituak daude «herritarren bizi kalitatean eta osasunean kalte nabarmenak» eraginen lituzkeela: «kutsadura akustikoa, infrasoinuak, argi efektuak…» eta argi dute, abeltzaintza, nekazaritza eta aisialdiko jardunekin «bateraezina» dela. Gainera, «aerosorgailuetara joateko bideak zabaltzeak eta egokitzeak, bolumen handiko lur mugimenduak dakartza, lurraren artifizializazioa eta pobretzea eraginez».

Atzoko agerraldia, «ondare historiko, arkeologiko eta kulturalean» izanen lukeen «eragin nabaria» gogoratuz bukatu zuten; «Arano, Hernani eta Goizuetako mendietan Onddi-Mandoegi estazio megalitikoa dago, EAEn babestua dagoena eta proiektu hauekin zuzenean kaltetua izan daitekeena».

Herritarrei deia

Urumea Bizirik Taldearen hitzetan, energia berriztagarrien inguruko proiektuak herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea «ezinbestekoa» da, baita «herritarrek haien diseinuan eta kudeaketa erabakitzeko aukera izatea» ere.

Hala, Urumea bailarako eta inguruetako herritar guztiei egin diete deia «makroproiektu eolikoak hauek geldiarazteko eta gure mendiak defendatzeko antolatuko diren ekintza eta mobilizazioetan parte hartzeko» eskatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun