Bi egunekin nahikoa ez eta hirugarrena gehitzea erabaki dute Lagunartekoek. Hala, urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra ospatuko dituzte inauteriak. Urtero bezala, Nazabal eskolako ikasleak izango dira inauteri giroa herrian zabaltzeaz arduratuko direnak. Ostiral eguerdian, 13:00 aldera, kalejira egingo dute eta gurasoek ere sorpresaren bat prestatua omen dute. Arratsaldean, 18:00 aldera, Lagunarteko gazteek herriko eskea egingo dute eta, gero, Pake Toki elkartean afaria. Otsailaren 1a, larunbata, izango da egun handia eta herritar guztiei egin nahi diete festarako gonbidapena. Gazteak 10:00etan elkartu eta gosaria egingo dute, baserriz baserriko erronda egin aurretik. Arratsaldean, 18:00 aldera, herrira jaitsiko dira eta beste herritarrekin batera, kalejira egingo dute. Ondoren, sagardoa eta pintxoak eskainiko dituzte parkeko trinketean. Bukatzeko, 21:30ean, afaria izango da Pake Toki elkartean. Afalondoan musika izango da eta festa goizaldera arte. Afarirako txartelak aldez aurretik eskuratzeko azken eguna urtarrilaren 28a izan da, beranduago erosten dituztenek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte (haurrek 15 euro eta helduek 25).
Otsailaren 2an, igandean, segida izango du festak. Garai batean egiten zen bezala, ekitaldiak antolatu dituzte Lagunartekoek. Eguerdian, 12:30ean, ardo eta txakolina eta pintxoak jarriko dituzte salgai parkeko trinketean. Ondoren, Lagunartekoek bazkaria egingo dute eta arratsaldean, 18:00etan, mus txapelketa. Musean aritu nahi dutenek, Pake Toki eta Larrea elkarteetan izango dute izena emateko aukera.