San Martin Eguna ospatuko dute Aranon azaroaren 9an

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 7a, 11:00

Talo eta gaztaina jatea urtero izaten dituzte San Martin Egunean.

Herrian egin asmo duten makroproiektu eolikoarekin lotuta, hainbat ekintza antolatu dituzte.

San Martin Eguna azaroaren 11 bada ere, gertuen duen larunbatean ospatzen da azken urteetan Aranon. Aurten azaroaren bederatzirako egin dute hitzordua. Duela urte batzuk berreskuratu zuten ospakizuna eta urtetik urtera indarra hartzen joan da. Hasierako urtetan gaztaina eta talo jatea izaten zena osatzen joan eta herriari buruzko edo herritik sortutako ekimenak antolatzea ere izaten da festaren helburua. Argazki lehiaketak egin izan dira eta, tartean, arrakastatsuak izan dira megalitoak eta paisaia ederrak aitzakia hartuta, mendira egiten ziren irteerak. 

Aurten, gure mendien etorkizuna kolokan dagoela gero eta ziurrago den honetan, eolikoen gaia ahoz aho darabilgu; zurrumurruak, hipotesiak, datuak... Baina noraino ote dakigu zer datorkigun? Horren bueltan ondu dute aurtengo egitaraua.

Eolikoak hizpide

Urumeako Mendiak Bizirik taldeak mendi buelta bat egitea proposatu du goizean. Herritik abiatuko dira 11:00 aldera eta itzulia osatuko dute makroproiektu eolikoaren ondorioz arriskuan dauden mendietan. Arratsaldean, Aranoko mendi izenen poster panoramikoa aurkeztuko dute. Maisuenean, 18:00etatik aurrera izango da Andoni eta Arritxu Zugarramurdi osaba-ilobek egindako lana ikusteko aukera. Segidan, 18:30 aldera, Aitziber Sarobe izango dugu gurean. Urumeako Mendiak Bizirik taldeko kideek gonbidatu dute, zentral eolikoen gaiari buruzko hitzaldia emateko. 

Eguna bukatzeko, gaztainak eta taloak izango ditugu elkarteko atarian 20:30etik aurrera. Herritarrak egunean zehar antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun