Urriaren 19an, Atekabeltz herrigunearen bueltan bilduko dira Euskal Herri osoko gazteak. Autogestioa saretu, etorkizuna okupatu lelopean, elkar ezagutu, gogoeta egin eta bide berriak elkarrekin lantzeko antolatu dute hitzordua. Tokian tokiko egoerak, erronkak edota proiektuak partekatzeko elkargune bat proposatzen diete Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladetako kideei. Topaketak 10:30ean hasiko dira, harrera ekitaldiarekin. 11:00etan tailer kolektiboa eginen dute Nondik gatoz eta nora goaz? izenburupean. 14:15ean bazkaldu eta bazkalondoan mahai inguruak, hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak... antolatu dituzte. Hainbat gai landuko dituzte: autogestioa, okupazioa eta elkartasuna, borroka moldeak eta errepresioa, euskal eszena musikala, botere harremanak eta espazio seguruak, komunikazio politikoa... 19:30ean mobilizazioa antolatu dute eta 22:00etan Naxker, RTZ kolektiboa eta Las Sexpeares taldeen kontzertuak. Egun osoan, serigrafia txokoa, Leitzako gaztetxeari buruzko erakusketa eta esperientziak trukatzeko txokoa ere jarriko dituzte.