Urriaren 19an, Atekabeltz herrigunearen bueltan bilduko dira Euskal Herri osotik etorritako gazteak. Autogestioa saretu, etorkizuna okupatu lelopean, elkar ezagutu, gogoeta egin eta bide berriak elkarrekin lantzeko asmoz antolatu dute hitzordua.
Zein da topaketen helburua?
Herri ezberdinetako kideak elkartu eta hango eta hemengo errealitateak bildu nahi ditugu. Tokian tokiko egoerak, erronkak, oztopoak edota proiektuak elkarrekin partekatzeko elkargune bat proposatzen diegu Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladetako kideei. Aukera baliatu eta topaketak autogestioaren, botere-harremanen, okupazioaren edota borroka moldeen inguruan hausnartzeko tresna izatea nahi dugu.
«Gogoeta egin eta bide berriak landu nahi ditugu»
Nola izan da antolaketa?
Topaketak antolatzea, prozesu kolektiboa izan da. Zazpi lurraldeetako hamarnaka kide elkartu gara modu irekian, asanblearioan eta horizontalean aritzeko. Taldea, uneoro, irekita egon da eta hala izaten jarraitzen du. Nahi duenak sare sozialetatik edota gaztetxetopaketak@gmail.com bidez gurekin harremanetan jartzeko modua du.
Zein da Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen egoera?
Gaztetxe eta gazte asanbladen aurkako ofentsiba nabarmen bat dago, mugagabea. Hainbat arlotan ikus dezakegu, eta horren aurrean elkartasunez jokatzea da bidea. Gure egunerokotasunean hainbat oztopo izaten ditugu eta egoera aztertu eta irtenbideak lortzeko ere antolatu ditugu topaketak.
Saretzea da erronketako bat...
Topaketen antolaketan ere nabaritu dugu hori. Prozesu luzea izan da, eta harremanak egitea ere zaila izan da. Hala ere, uste dugu eskualde askotara iritsi garela, eta egindako lanak, aurrera begira, bideak erraztuko dizkigula.
Zeintzuk dira gazte asanbladen eta gaztetxeek esku artean dituzuen beste erronkak?
Askotarikoak dira esku artean dauzkagun erronkak. Tokian toki, hauek eraldatu egiten dira. Topaketetan erronka hauek guztiak komunean jartzea izanen da erradiografia bat egin ahal izateko modurik errazena.
Zein dira gazte asanbladetan erdigunean egon behar duten baloreak?
Minimo batzuen baitan aritzen gara beti gazte asanbladak. Elkarlaguntza eta autogestioa oinarri garrantzitsuak dira; besteak beste, forma asanblearioa eta horizontala izan behar dute espazio hauek, seguruak izan behar dute pertsona ororentzat, tokian tokiko problematika ezberdinak borrokatzeko eta antolakuntzarako espazioak. Pentsamentu kritikoa garatzeko eta bestelako aisialdi eredu bat sustatzeko ere.
Gazte asanbladek zein funtzio betetzen dute?
Gazte asanbladek funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte herrietan. Hala nola, aipatu bezala, pentsamendu kritikoa garatzeko espazioak dira, jakintzak partekatzeko espazioak, eta hau herrigintzaren oinarririk sendoena dela esan genezake. Normalean, lehen urratsak izan ohi dira gazte asanbladak.
Eta gaztetxeek?
Gaztetxe bat bestelako modu batean amets egiten dugunon eta etorkizun berri bat eraiki nahi dugunon espazioak dira. Espazio hauek itxura, egitura... desberdinak dituzte, baina denek bat egiten dute hainbat ezaugarritan. Espazio seguruak dira, horizontalak, asanblearioak eta parte hartzaileak; horiek dira gure gaztetxeak. Aldarrikapenerako, borrokarako eta etorkizuneko bideak sortzeko guneak.
Urriaren 19rako, zer antolatu duzue?
Goizean 10:30ean hasiko dira topaketak, harrera ekitaldiarekin. 11:00etan tailer kolektiboa eginen dugu Nondik gatoz eta nora goaz? izenburupean. 14:15ean bazkaldu eta bazkalondoan mahai inguruak, hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak... antolatu ditugu. Hainbat gai landuko ditugu: autogestioa, okupazioa eta elkartasuna, borroka moldeak eta errepresioa, euskal eszena musikala, botere harremanak eta espazio seguruak, komunikazio politikoa... 19:30ean mobilizazioa antolatu dugu herrian barna eta 22:00etan Naxker, RTZ kolektiboa eta Las Sexpeares taldeen kontzertuak izanen dira. Egun osoan, serigrafia txokoa, Leitzako gaztetxeari buruzko erakusketa eta esperientziak trukatzeko txokoa bisitatzeko aukera izanen da.