Leitzako eskolako jangela zerbitzua zazpi euro eta erdian eskainiko dute

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 11a, 11:30

Herrian bertan kudeatu eta zaintza erdigunean jarriko lukeen jangela eredu bat martxan jartzeko lanean ari dira.

Ikasturtea hastear zela, zalaparta sortu zen eskolako jangela zerbitzuaren bueltan. Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zuen, Ausolanen esku geldituko zela zerbitzua eta zaintza gehitzean, 11,50 eta 13,50 euro artean igoko zela eguneko menuaren prezioa. Hori ez zela bideragarria salatu zuen Denok Bat guraso elkarteak hedabideetara bidalitako idatzian.  Handik gutxira, Hezkuntza Departamentuak zazpi euro eta erdira mugatu zuen azken prezioa, aldea bere gain hartuz. Gauzak horrela eta azken urteetan jangelaren afera oso gorabeheratsua izan dela ikusita, heldu den ikasturterako alternatiba bila hasi dira leitzarrak: «herrian bertan kudeatu eta zaintza erdigunean jarriko lukeen jangela eredu bat martxan jartzeko».

Azaldu dutenez, jangelaren aferan, «gorabehera ugari izan dira azken urteetan. Gainera, herri batetik bestera eta urtetik urtera prezioan alde izugarria dago eta zerbitzuaren kalitatea ere gutxitu da». Orain arte, ezer gutxi zegoen beraien esku, baina Foru Dekretu berri bat onartu dute eta horrek, 2025-2026 ikasturtetik aurrera, eskola komarkaletan jangelak tokiko erakundeen bidez kudeatzea ahalbidetuko du. Aukera hori baliatu nahi dute: «herrian bertan kudeatu eta zaintza erdigunean jarriko lukeen jangela eredu bat martxan jartzeko».

Horretarako, lantalde ireki bat sortu dute: «eskolako zuzendaritzako kideak, guraso elkartekoak, udalekoak, Zaindu Leitzaldekoak eta jangelako langileak elkartu gara». Datozen hilabeteetan alternatiba bat landu nahi dute: «Zaindu Leitzaldeak jangela kudeatzeko aukera jarri dugu mahai gainean, irabazi asmorik gabeko proiektua litzateke eta gurasoak bazkide izanen ginateke». Elkarrekin hartuko dituzte hainbat erabaki: «menua, zaintza eredua, zaintzaileen lan baldintzak... oreka bilatzen saiatu behar dugu, proiektu duin bat egiteko». Bideragarria dela ikusiko balitz eta familiek hala nahiko balute, jangelaren kudeaketa bere esku uzteko eskatuko lioke Leitzako Udalak Nafarroako Gobernuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun