Eskolako jantokiko menuaren prezioa familiako 500 euro baino gehiagora igo izana salatu du Leitzako guraso elkarteak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 30a, 14:30

Oharra kaleratu du Leitzako Erleta ikastetxeko Denok Bat Guraso Elkarteak, eta bigarren urtez jantokiko menuaren prezioa igo izana leporatu dio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari. «Familia asko jangelaren erabileratik kanpo» geldituko direla ohartarazi du.

Hala kontatu du Leitzako eskolako guraso elkarteak oharrean: «Ikasturtea hasteko egun gutxi falta direnean, eskolako familiei jakinarazi zaie Hezkuntza Departamentuak Ausolan enpresari azpikontratatu diola eskolako jantokiaren kudeaketa, eta egun eta ikasle bakoitzeko prezioa 11 eta 13 euro bitartekoa izanen dela». Ez da hori bakarrik. «Zaintza ordutegiaren ordu erdiko murrizketa mantenduko dute. Lehen 16:30 arte zen, eta orain 16:00 arte». Hala, «egun gutxi eman zaizkie familiei jantokia erabiliko duten ala ez erantzun dezaten».

 «Bi urtetan % 100eko igoera»

Guraso elkarteak salatu duenez, «bigarren urtez jarraian» igo dute menuaren prezioa: «Duela bi ikasturte menuak 6,5 euroko prezioa zuen eguneko eta joan den ikasturtean hamar eurokoa. Igoeragatik familia askok utzi zioten jantokia erabiltzeari. Eta ikasturte honetan 13 eurokoa izan daiteke. Hau da, % 100eko igoera bi urtetan». Igoeraren ondorioz, «jantokiaren kostua familiako 500 euro baino gehiagokoa izanen da hilean, familia bakoitzak batez beste bi seme-alaba dituela kontuan hartuta».

Jantokiaren beharra

Jantokiaren beharra agerian utzi du elkarteak: «Jantokia ez erabiltzea ez da aukera bat familientzat, zerbitzu publiko hori gabe ezinezkoa baita lana eta seme-alaben zaintza uztartzea». Hezkuntza Departamentuaren igoerak «familia asko jangelaren erabileratik kanporatuko dituela» gaineratu du, eta horren «ondorio latzak» gogoratu ditu, «baita generoaren ikuspegitik ere»: «Seme-alabak jantokira eraman ezin direnean, zaintzaren zama batez ere amonek-eta hartzen dute, edo lanaldia murriztea eragiten du. Hamarretik zortzitan emakumeek egiten dute hori».

«Antolatzeko denborarik ez»

«Horren denbora gutxirekin informatu izanak antolatzeko inolako tarterik gabe» utzi dituela ere gaitzetsi du guraso elkarteak, eta Hezkuntza Departamentuari «jantokiaren prezioa jaisteko eta zaintza ordutegian eta siesta zerbitzuan planteatutako murrizketak ez egiteko» eskatu dio: «Eskolako jantokiak zerbitzu publikoak dira, eta horien kudeaketa enpresek, kasu honetan Ausolanek, negozioa egin dezaten eta familien kontura dirua irabaz dezaten bideratua dago, eta ez familien beharrak asetzera». Guraso elkarteak iragarri du «familia guztien eskura izanen den jangelen zerbitzu publikoa defendatuko» duela.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun